Getafe CF izango da Anaitasunaren aurkaria Errege Kopan

Andoni Elduaien 2020ko aza. 16a, 13:53

Urduritasun eta tentsio handiz jarraitu dute zozketa zuzenean jokalariek. Azkoitiko taldeak Madrilgo futbol taldearen aurka jokatu beharko du abenduaren 16an, Txerloian.

Anaitasuna futbol taldeak gaur, astelehena, ezagutu du Errege Kopako lehen kanporaketa noren aurka jokatuko duen. Espainiako Lehen Mailako Getafe CF futbol taldea izango da abenduaren 16ko egun historikoan Txerloiako futbol zelaian aurrean izango duen aurkaria; Madrilgo taldearen aurkako kanporaketa partida bakarrera jokatuko dute, eta beraz, Txerloiak erabakiko du nork egingo duen aurrera.

Gorrixek joan den asteazkenean huts eta bi garaitu zuten Asturiasko Real Titanico futbol taldea, eta horregatik Errege Kopako lehen kanporaketarako sailkapena lortu zuten. Espainiako Futbol Federazioak Sevillako (Andaluzia, Espainia) La Cartuja futbol zelaian egin du Errege Kopako zozketa, eta streaming bidez ikusteko Txerloian elkartu dira Anaitasunako kideak. Anaitasunaren izena atera duen bolatxoa zozketako lehena izan da oraingo honetan ere, eta segituan ezagutu dute aurkaria, nahiz eta tentsioa eta urduritasuna nabaria zen guztien aurpegietan. Aurkaria Getafe CF izango dutela jakin dutenean, berriz, poza hartu dute jokalariek. Halere, aitortu dute ez zela aurka nahi zuten taldea, Lehen Mailako punta-puntako talderen aurka jokatzea amesten baitzuten askok.

Getafe taldeari buruz

Getafe CF taldea, baina, ez da nolanahiko aurkaria izango Anaitasunarentzat. Getaferen gaur egungo kluba 1945ean sortutako Club Getafe Deportivoren ondorengoa da. 1983an, diru arazoak zirela-eta desagertzeko zorian zen zegoela, sortu berria zen Club Deportivo Getafe Promesas harrobiko taldeari izena aldatu zioten Getafe CF izan zedin.

2002-2003 denboraldian, Espainiako Bigarren Mailan ari zela, hainbat jokalari ezagun fitxatu zituen talde madrildarrak, eta hurrengo urtean Espainiako Lehen Mailara igotzea lortu zuen. 2007 eta 2008 denboraldietan, gainera, Espainiako Errege Kopako finalak jokatu zituen Getafek, nahiz eta biak galdu egin zituen.

2010. urtean, ligan seigarren postua lortu zuen Getafek. Hiruzpalau urte bikain horiei esker, Europa League txapelketan jokatzeko aukera izan zuen. 2007-2008 denboraldian, final laurdenetan kanporatu zuen Alemaniako Bayern Munich taldeak, Alemanian bana egin zuten, eta Madrilen hiruna; 2010-2011 urtean, berriz, ligaxka fasera iritsi zen.

2016an, ordea, Bigarren Mailara jaitsi zen Madrilgo taldea. Hurrengo urtean hirugarren egin zuen ligan, eta igoera play-offak jokatu ondoren, Lehen Mailara itzuli zen. Iaz, bestalde, Europa League jokatu zuen Getafek, jardunaldi askotan Champions Leaguerako sailkapen postuetan egon bazen ere. Ez du aurkari samurra izango Anaitasuna futbol taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide