Azaroaren 28an egingo dute San Jose trikiti jaialdia

Andoni Elduaien 2020ko aza. 16a, 11:15
Iazko trikiti jaialdiko irudia.

Martxoaren 21ean bertan behera utzi zuten XXX. San Jose trikiti jaialdia, eta azaroaren amaieran egingo dute "zailtasunak zailtasun". Azpeitiko Soreasu antzokian izango da jaialdia, bi txandatan banatuta.

Azaroaren 28an egingo dute XXX. San Jose trikiti jaialdia, Azpeitiko Soreasu antzokian. Egoera berrira egokituta, ordea, bi txandatan banatuko dute jaialdia; 16:00etan egingo dute lehen saioa, eta 19:00etan bigarrena. Martxoaren 21ean ziren egitekoa aurtengo jaialdia, baina konfinamenduagatik bertan behera utzi behar izan zuten.

Martxoaren 21eko emanaldirako sarrerak erosita edo erreserbatuta zituztenek sarrera horiek baliatu ahal izango dituzte azaroaren 28ko emanaldirako. Antolatzaileek azaldu dutenez, 943-83 28 28 telefono zenbakira deitu beharko da goizez, edo trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzi sarrera onartzeko; hala eta guztiz ere, sarrera baztertzeko aukera ere eman dute antolatzaileek. Sarrera onartu dutenek, 16:00etako edo 19:00etako emanaldira joan nahi duten aukeratu beharko dute, izan ere, sarrera mugatua izango da Soreasu antzokiaren edukieraren %40 bete arte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gainera, aurrez ordutegia aukeratu gabeko sarrerak ez dituzte onartuko. Sarrera itzultzea erabakitzen dutenek, berriz, dirua jasoko dute bueltan.

Sarrera erreserbatuta dutenek azaroaren 28an bertan jaso beharko dute sarrera Soreasuko leihatilan. Lehen txandakoek 15:00etatik 15:30era bitartean jaso beharko dute, eta 18:00etatik 18:30era bitartean bigarren txandakoek. Hala eta guztiz ere, 15:30 eta 18:30 ondoren erreserbatutako sarrerak ez badira jasotzen, sarrera horiek salgai jarriko dituztela adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, gogorarazi dute "Urriaren 26ko 36/2020 dekretuaren arabera", Azpeitiaren mugakide diren herrietan bizitokia duten herritarrek soilik izango dutela jaialdira joateko aukera. "Maskara uneoro jantzita" edukitzea eta araututako pertsonen arteko "distantzia gordetzea" eta sarreran "eskuak garbitzea" beharrezkoak izango direla nabarmendu dute.

Jaialdiko protagonistak

Aurtengo edizioan, honako musikari hauek izango dira oholtzan: Unai Dorronsoro, Martin eta Motriku; Roberto Etxebarria, Kepa Arrizabalaga eta Miren Etxebarria; Gozategi anai-arrebak; Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Antxieta txistulari taldeak; Estanga anai-arrebak; eta Astiasaran osaba-ilobak eta Aitor Aiastui. Horrez gain, sorpresaren bat ere izango dela iragarri dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide