Anaitasunako gizonek ezin izan diote liderrari irabazi

Andoni Elduaien 2020ko aza. 15a, 20:03

Anaitasunaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako neurketa jokatu du gaur arratsaldean Urduliz liderraren aurka, Txerloian. 0 eta 3 galdu dute etxekoek.

Anaitasunako gizonen talde nagusiak ligako neurketa jokatu du gaur Txerloian, Urduliz liderraren aurka. Lehen zatian, Urdulizek izan du jokoaren ekimena. Anaitasunak ez du presio gogorrik egin, eta lehen minutuetan erakutsi duten intentsitatearekin gehiago izan dira zelaian bizkaitarrak. Anaitasunak presioa aurreratuta erantzun nahi izan dio kanpoko taldearen jokamoldeari, eta zentzu batean asmatu du, neurketa parekatzea lortu baitute gorrixek. Halere, atsedenaldira iritsi aurreko jokaldi batean lortu du Urduliz taldeak huts eta batekoa. Eskuin hegaletik erdiratu, eta buruz sareetara.

Bigarren zatian, Anaitasunak ez du lortu Urdulizi aurre egiterik. Bizkaikoek bigarren erdia hasi eta segituan lortu duten bigarren gola, eta horrek Anaitasuna erabat jota utzi du. Saiatu dira gorrixek aurkariaren area zapaltzen, baina talde sendo batekin egin dute topo gaurkoan. Aukera garbienak, gainera, Urdulizekoek izan dituzte, eta Remen atezain eibartarrak gol aukera garbi bat baino gehiago saihestu du bere geldiketekin. Anaitasunak bere aldeko penalti bat ere eskatu du, kanpoko taldeko jokalari batek baloia eskuarekin eraman duelakoan; epaileak, ordea, ez du ezer adierazi. Urdulizekoek Anaitasunaren area zapaltzen jarraitu dute azken minutuetan ere; Anaitasuna baino garbiago iritsi dira kanpokoak aurkariaren atera, eta azkenean huts eta hirukoa egitea lortu dute, eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat errematatuta.

Datorren asteburuan, Anaitasunak Lagun Onaken aurka jokatuko du, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Azpeitiko taldea puntu batekin iritsiko da derbira, eta Azkoitikoa bost punturekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide