Saharari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute bihar

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 14a, 17:21

Marokok Sahararekin adostua zuen su etena hautsi du, eta hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar, 12:30ean, Azkoitiko plazan. Sortuk deitu du protestara.

1991tik indarrean dagoen su eten akordioa hautsi du Marokok, Guergerateko mugan izandako tentsioaren ostean. Urriaz geroztik, ekintzaile sahararrak Guergerateko mugako pasabidea blokeatzen ari dira, saharar lurralde okupatuaren eta Mauritaniaren artean, Marokoko Erresumak Saharako subiranotasuna urratu zuelako. Horren aurrean, Marokok eraso militarren bidez erantzun du, duela 29 urteko su eten akordioei muzin eginez.

Horren aurrean, elkarretaratzea egingo dute bihar –igandea– Azkoitian. Sortuk deitu du protestara, eta 12:30ean elkartuko dira, Azkoitiko plazan. "Gogora dezagun Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 690 Ebazpenak Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio erreferenduma aipatzen duela bigarren puntuan. Premiazkoa da Minursotik [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] 29 urte igaro ondoren autodeterminazio erreferenduma behingoz gauzatzea", azaldu du Azkoitiko Sortuk.

Biharko protestaren bidez, Minursori beharrezko neurriak hartzeko eskatuko diote. Era berean, elkartasuna adieraziko diete Fronte Polisarioari eta Saharako Errepublika Arabiar Demoktratikoari (RASD). "Marokoren azken erasoaren aurrean, Fronte Polisarioak eta komunitate sahararrak Euskal Herriko herri eta hirietan antolatzen duen ekimen oro babesten eta bultzatzen dugu", erantsi du Sortuk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide