Konfinamendua, lanaren gorabeheren arduraduna

Andoni Elduaien eta Anartz Izagirre 2020ko aza. 15a, 10:19
Etxetresna elektrikoak aldatu dituzte herritar askok. (Argazkia: Milar)

Konfinamenduak guztian izan du eragina, eta herriko saltoki batzuentzat onuragarria izan bada ere, kalteak jasandakoak edo lana jaitsi edo amaitu zaienak asko eta asko dira. Egoera berri honen aurrean, bi aldeetako ikuspuntuak jaso nahi izan ditu Maxixatzenek, eta hiru herritarrekin hitz egin du.

Koronabirusak ekonomiaren adar guztietan izan du eragina, batzuen onerako eta besteen kalterako, eta jatetxeek edota janaria eskaintzen duten saltokiek modu berriak topatu behar izan dituzte beren jarduna eten ez zedin. Janari azkarra zerbitzatzen duten lokalen kasuan, martxoan ere zerbitzua etxez etxe eskaintzeko baimena izan zuten hainbat ostalarik, baina hilabete horietan "mugimendu gutxi" izan zutela aitortu du Patxi Arrutik. Pizzerien kate handi batean egiten du lan Arrutik, eta aldi baterako lan erregulazio txostena ezarri zieten, bi hilabetez: "Etxez etxeko janari zerbitzuarekin jarraitu genuen konfinatuta egon ginen hilabeteetan, baina jende asko ez zen ohartu ere egin horretaz".

Jatetxe gutxi izan ziren konfinamendu hasieran janaria zerbitzatzen jarraitzeko aukera izan zutenak, baina hori egiten zuen lokal bakarrenetarikoa izanagatik, eskari gutxi izan zuten Arrutik lan egiten duen pizzerian: "Ia ez genuen eskaerarik izaten. Ekonomikoki ere jende askori eragin dio pandemia honek, eta iruditzen zait egoera ikusita askok nahiago izan dutela janaria supermerkatuan erosi eta etxean kozinatzea". Bestalde, Arrutik dio konfinamendua ezarri zuten hilabete horietan bezero batzuk "oso beldurtuta" ikusten zituela, eta askok ez ziotela ia aterik ere irekitzen pizza banatzerakoan; beste batzuek, berriz, segurtasun eta osasun neurriak ez zituztela behar bezala hartzen dio: "Guk gure protokoloa genuen hasieratik, eta maskaraz gain pantaila babeslea ere eramaten genuen. Bezero batek esan zidan horrek ez zuela ezertarako ere balio eta ea zergatik neraman pantaila hori". Arrutik azaldu du sarritan ez zutela jakiten zein zegoen koronabirusaz kutsatuta edo konfinatuta eta zein ez: "Bezero bakarrak esan zigun konfinatuta zegoela, baina beste inork ez. Ezin diozu inori janaria ukatu, noski, baina iruditzen zait abisatu egin beharko liguketela bezeroek konfinatuta dauden ala ez, segurtasun neurriak gehiago zorroztu ditzagun". Gauzak horrela, azken hilabeteak lan aldetik oso lasaiak izan direla nabarmendu du pizza banatzaileak, eta faktore asko izan direla jaitsieraren eragileak.

Agintariek ezarritako neurriek ere beren ohiko jardunean eragin handia izan zutela aitortu du azkoitiarrak, eta une oro lana egiteko modua aldatu behar izaten dutela: "Orain 22:00etarako itxi behar dugu, eta langileon ordutegiak moldatu egin behar izan ditugu. Gertatzen dena da 20:00ak aldera sekulako zoramena izaten dugula, eta langile guztiok topera ibiltzen gara, baina hortik aurrera asko jaitsi da pizzen eskaria". Arrutik dio jendeak neurriak ez dituela argi, eta askok 22:00ak pasatu ostean ere deitzen dietela pizza eske: "Horrenbeste neurrirekin jendea ez da ohartzen noiz eskatu ahal duen janaria eta noiz ez". Lan gutxiago izan arren, ordea, Arruti eta gainontzeko langileak ohiko moduan daude lanean orain: "Eskaera gutxi daude baina banatzaile kopuru bera gaude lanean. Tentsioan bizi gara ia erakundeek zer esaten duten eta zerbitzuarekin jarraitzeko aukerarik ote dugun. Guk lanean jarraitu nahi dugu".

Egoera hobean daude orain

Baina bada txanponaren beste aldea ezagutzen duenik ere herrian. Azken hilabeteetan asko igo da etxeetako erreformen eskaera, baita etxetresna elektrikoena ere. Josu Larramendi (Azkoitia, 1971) Milar Larramendiko arduraduna da, eta hark azaldu duenez, nabaritu dute igoera, nola salmentetan hala erreformetan. "Konfinamenduan, lehen ikusten ez zituen beharrak ikusi ditu jendeak etxean", hasi da. Larramendiren hitzetan, etxeratze agindua indarrean zegoenean, hobekuntzak batzuk egiteko "modua" ikusi zuten herritarrek. "Lehen etxean gutxiago egonda, jendeak ez zituen horrenbeste behar ikusten. Orain, ordea, beharrak ikusi ditu. Telebista handiagoa jarri dute askok, hozkailu hobea… Etxetresna elektriko guztietan izan dugu eskaera. Telebista asko saldu da, esaterako; gaur egun, Netflix eta Youtube direla-eta, smart telebistak asko saltzen dira. Jendeak pantaila handietarako joera erakutsi du azkenaldian", esan du Milar Larramendiko kideak.

Halere, beste hainbat sektoretan gertatu den arazo berarik egin dute topo Milar Larramendin ere kasu batzuetan: stock-a. Honela azaldu du Larramendik: "Boom-a ez da gurea bakarrik izan, orokorra izan da. Gure kateko denda guztiei gertatu zaie; hornitzaileak eta fabrikak topera daude. Birusaren agerraldia ekiditeko, gainera, fabrikek beren neurriak hartu dituzte, eta horregatik fabrikazioa ere mugatu egin dute", jakinarazi du. Halere, Milar "biltegi handi baten barruan" dagoela azaldu du Larramendik, eta "ondo" ari direla bezeroei erantzuten. "Marka esklusiboak ditugu, eta horiek guretzat bakarrik fabrikatzen dute; gainera, marka potenteekin ere akordioak ditugu, eta horiek azkartasuna bermatzen digute. Erdi mailako marka batzuetan, ordea, denbora gehiago egon behar izaten da zain".

Milar dendako arduradunak dio bezeroen eskaeren igoera konfinamenduaren ondoren "jendea kalera irteten zenean" hasi zirela nabarmentzen. "Zuzena izan zen, oso zuzena. Etxetik ateratakoan zuzenean jo zuten gurera. Gainera, jendearen irteerarekin batera kointziditu zuen Eusko Jaurlaritzaren Renove Planak, eta jende askok baliatu du plan hori".  

Ainhoa Etxanizek (Azkoitia, 1973), bestalde, Azkoitiko NHO estudioan egiten du lan, eta etxebizita osoko erreformen diseinuak egiten dituzte han. Etxanizek ere aitortu du etxeko erreformak egiteko eskaria "igo" egin dela, nahiz eta beraien kasuan ez den ikaragarrizkoa izan. "Konfinamendua amaitu eta maiatzaren erdialdean hasi ginen lanean estudioan. Orduan jende mugimendu handia izan genuen estudioan", esan du. 

Bere eta beste lankide baten artean banatzen dituzte estudioko lanak, eta Etxanizek dioenez, "iristen direnera arteko lanak" egiten dituzte. Estatistiken arabera, %43 inguru igo dira etxebizitzetako erreformak. Halere, Etxanizek ez die datuei gehiegi erreparatzen. "Ez dakit zenbateraino den egia datu hori. Halere, nabaritu dugu igoeratxo bat. Lehen, jendea kalera begira bizi zen; garrantzia gehiago ematen zion kalean ibiltzeari edota bidaiatzeari. Gauza horiek egiteko aukerarik izan ez dugunez, jendeak kalean gastatzen zuen dirua etxera bideratu du. Etxean egon behar denez, etxean eroso eta gustura egoteko hobekuntzak egin ditu", dio barne diseinatzaile azkoitiarrak. 

Sukaldea edo egongela bezalako erreformak egin dituzte azken hilabeteetan NHOn; lan egiteko modua ez zaie gehiegi aldatu. "Orokorrean, gure lana etxebizitza osoko erreformara bideratzen dugu gehien bat. Alde horretatik, gure lan egiteko modua ez da hainbeste aldatu, mantendu egin da", azaldu du. Halere, ohartu dira jendeak bestelako eskaerak ere egin dituela. "Nabaritu dugu jendeak sofa aldatu, etxea margotu edo gelan estudioa muntatu nahi izan duela, asko lana etxetik egiten hasi direlako. Etxean eroso egoteko behar izan dituzten gauzak eskatu dituzte bezeroek gehienbat. Etxeari txukundu bat emateko nahia ikusi dugu, bereziki", jakinarazi du. 

Halere, Etxaniz ez da oso baikorra egungo egoerarekin, bere ustez orain eskari asko dituzten arren, gerora jaitsi egingo zaielako. "Hau boomeranga da. Orain guri ari zaigu egokitzen olatuaren aparrean egotea, baina etorriko zaigu bestelakoa ere, gauzak ez daude ondo eta. Egin dira hobekuntzak etxeetan, mugimendu pixka bat egon da, baina, dagoen egoerarekin eta datorrenarekin buelta etorriko zaigu", adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide