Ostalaritzari laguntzeko hainbat proposamen egin ditu EH Bilduk Udal Antolakuntza Batzordean

Nerea Uranga 2020ko aza. 13a, 12:18

Atzo, osteguna, Azkoitiko Udal Antolakuntza Batzordea bildu zen. COVID-19aren ondorioz ostalaritza da sektore ekonomiko kaltetuenetako bat, eta hari laguntzeko hainbat neurri aztertu ziren batzorde horretan. Hala, EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu.

COVID-19aren ondorioz ostalaritza da sektore ekonomiko kaltetuenetako bat. Atzo, osteguna, sektore horri laguntzeko neurriak aztertu ziren Azkoitiko Udaleko Antolakuntza Batzordean. Azkoitiko EH Bilduk hainbat proposamen mahai gaineratu zituen batzorde horretan. "Udal Gobernuak azaldu zigun martxan jarriko dituela zaborraren eta terrazaren tasa ez kobratzea ostalariei. Hau da ez zaie kobratuko urtearen azken hiruhilabeteari dagokion zaborraren tasa, eta terrazaren urteko tasa dagoeneko ordainduta dutenez, azken bi hilabeteen parte proportzionala itzuli egingo zaie ostalariei. Hala ere, bi neurri horiek pandemiaren lehenengo itxialdian hartutakoak dira", azaldu du EH Bilduk.

Bi neurri horiez gain, EH Bilduk beste hainbat neurri hartzea proposatu du udalean: "Ostalaritzako mahaia eratzea, etxerako zerbitzua eskaintzen duten establezimenduekin plataforma digitala sortzea, etxez etxeko banaketa egiten dutenen zerbitzua bateratzea eta dirulaguntza zuzenak bideratzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide