Azkarateko hondakin gunea

Hirigintza Arauetan egindako aldaketen kontrako alegazioa aurkeztu du Larke 360 enpresak

Julene Frantzesena 2020ko aza. 13a, 11:00
Azkarateko lur eremurako eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak jasotzeko proiektua zuen Larke 360 enpresak.

Azkoitiko Udalak Hirigintza Arauak aldatzeko aho batez hartutako erabaki puntualaren kontra alegazioa aurkeztu du Larke 360 enpresak udaletxean.

Azkoitiko Udalak Hirigintza Arauen gainean egindako aldaketaren kontrako alegazioa aurkeztu du Larke 360 enpresak. Hain zuzen ere, udaleko alderdiek aho batez onartu zuten lurzoru ez urbanizagarrien gaineko aldaketa puntuala egitea joan zen irailaren 29an egindako udalbatzarrean.

Aldaketa hori tarteko, eraikuntza eta eraispen hondakinak jasotzeko Larke 360 enpresak Azkaraten egin nahi zuen lur eremua ez urbanizagarri izendatu zuen erakundeak, eta erabaki hori behin-behinean onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioetarako epea zabaldu zen. Larke 360 enpresak alegazioa aurkeztu du udaletxean, "erabaki horrek oinarri legalik ez" duela esanez eta bertan behera uztea eskatuz.

Maxixatzenek eskuratu duen eta Larke 360 enpresako ordezkari baten sinadura duen dokumentuan irakur daitekeenez –Maxixatzen saiatu da Larkeko ordezkariekin hitz egiten, baina ez du haien erantzunik jaso–, Azkarate inguruko lurzorua ez urbanizagarri izendatzea "legearen kontrako" erabakia da. Izan ere, lurzoruari eta hirigintza arauei buruzko 2/2006 legea urratzen du, enpresaren arabera.

Horrez gain, Azkoitiko Udalak gaiaren inguruan aurretik hartutako erabaki guztiak alde batera utzi dituela eta hirigintza arauen aldaketa "udalak berak egindako txostenen eta aurretik egindako ekintzen kontrakoa" dela azaldu du Larke 360 enpresak: "Halako erabakirik hartzeko arrazoi juridikorik ez dagoela azaltzen duten adierazpen publiko ugari daude, gainera".

Hirigintza arauetan aldaketa egiteko arrazoi juridikorik ez izatez gain, alegazioa aurkeztu duen enpresaren arabera, Azkoitiko Udalaren erabakiak talka egiten du lurzoru ez urbanizagarrien aprobetxamenduari buruzko lege erregulazioarekin. Izan ere, lur horien gaineko legeak (2/2006) udalaren erabakiaren kontrakoa gomendatzen duela argudiatu du Larkek; hau da, herri bakoitzean hondakin eta eraispen hondakinen planta izatea.

Larkek alegazioaren testuan azaldu duenez, udalak hartutako erabakia legearen kontrakoa izanik, "baliogabetu beharrekoa" da. Enpresa horrek dioenez, gainera, erabakia hartzerakoan "botere desbideraketa" baliatu du udalak, eta legearen kontra agintea baliatzea egotzi dio herri erakundeari. Aitzitik, hori "delitu penala" izan daitekeela ohartarazi du enpresak alegazioan.

Txosten juridiko-teknikoa

Azkoitiko Udalak txosten juridiko-teknikoa egingo du Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioa tarteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordenamendurako Batzordera dokumentazioa bidaliko duela azaldu dio Maxixatzeni.

Batetik, lurzoru ez urbanizagarriei eta araudi orokorrari dagokion Azkoitiko Hiri Antolamendurako Araudiaren laugarren aldaketa puntualaren behin-behineko onarpenaren dokumentua aurkeztuko du; bestetik, Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioa; eta gainera, Azkoitiko Udalak egingo duen txosten juridiko-teknikoa ere bai.

Ordenamendurako Batzordean erantzuna eman ondoren, udalbatzarrera eramango dute gaia, eta han erabakiko dute zer erantzun eman Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide