Anaitasunak historia egin du Asturiasen, eta Errege Kopara sailkatu da

Andoni Elduaien 2020ko aza. 11a, 21:10
Anaitasunako kideak, garaipena ospatzen. (Argazkia: Anaitasuna)

Mikel Arzalluz eta Mikel Aramendi izan dira golegileak bigarren zatian. 2020ko azaroaren 11 hau Anaitasunaren eta Azkoitiaren historiara pasatuko da. Abenduaren 16an, Txerloian, Lehen Mailako talde bat hartuko dute. 

Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak handia egin du Asturiasen. Real Titanico taldearen aurka huts eta bi irabazi dute gorrixek, eta Errege Kopara sailkatu dira. Abenduaren 16an jokatuko da Errege Kopako lehen kanporaketa, eta Anaitasunak Lehen Mailako talde bat jasoko du, Txerloian. 

Xabier Artetxe entrenatzaileak Mikel Ruiz zelairatu du hasieratik atepean; Xabi Azkoitia, Markel Eskurtza, Julen Odriozola eta Aitor Barbarin atzeko lerroan; Unai Aranbarri eta Xabi Soraluze euskarri lanetan aritu dira; Julen Aramendi eskuin hegalean, Mikel Arzalluz ezkerrean eta Asier Ugarte zein Ander Arabaolaza izan dira mutilik aurreratuenak.

Lehen zatia oso parekatua izan da Asturiasko Nuevo Nalon zelaian. Anaitasunak izan du baloia minutu gehienetan, izan ere etxekoek utzi egin diote neurri handi batean Anaitasunari bere zelaitik baloia ateratzen. Halere, taldeak ez du lortu joko garbirik egitea zelai erditik aurrera, asturiarrek lerroak nahikoa gertu eta itxita izan baitituzte uneoro. Lehen zatiko aukera garbiena, aukera bakarra, Real Titanico taldeak izan du. Anaitasunako atezainak bere areatik egindako pasea lapurtu dute etxekoek, eta urrundik egindako jaurtiketan zutoinaren ondotik gutxigatik joan da baloia kanpora. Zelaian ondo kokatuta egon da Anaitasuna, eta jabetzarik gabeko baloiak hartzerako orduan gehiago izan da. Halere, ate aurrera gehiagotan iristea falta izan zaio.

Bigarren zatian, ordea, partidak bestelako norabidea hartu du; bi taldeek zituzten aukera guztiak xahutu dituzte. Anaitasunak sakontasun handiagoa aurkitu du zelai erditik aurrera, izan ere etxekoek lehen zatian baino oldarkorrago eta gorago egin dute presioa. Horrek espazioak ireki ditu zelai erdian, eta gorrixek gehiago izan dira baloia atzetik atera eta jokoa sortzerakoan. Aukerak ere gehiago izan dira, ia denak Anaitasunarenak. 56. minutuan eman du lehen abisua Azkoitiko taldeak; Mikel Arzalluzi atepetik atera diote baloia atezaina gaindituta zuenean. Handik bi minutura, berriz, Mikel Arzalluzek egin du jokaldia, eta Axi aurrelari oñatiarrak area barruan jaso duen pasean ate gainetik gora bidali du baloia. 

Urrats handia emana zuen ordurako Anaitasunak; nagusi zen zelaian eta etxekoak Xabi Artetxe entrenatzailek zuzentzen duen taldearen erara aritu dira. Zelairatu berria zen Muguruza jokalari zarauztarrak ere aukera ona izan du 60. minutuan; bere jaurtiketan atezainak kornerrera bidali du baloia. Korner horren ostean etorri da, hain zuzen ere, Anaitasunak lehen gola egitea lortu duen penaltia. Hasiera batean asturiarrek Anaitasunak ateratako kornerra urruntzea lortu badute ere, Asier Ugartek hartu du aldaratzea, eta baloia gordetzen hasi denean etxeko jokalari batek penaltia egin dio atzetik sarrera eginda. Mikel Arzalluzek hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta ez du hutsik egin 11 metrotako jaurtiketatik. Atezaina bikain engainatuz, bere ezker aldera jaurtita egin du Anaitasunaren lehen gola Arzalluz aurrelariak. 

Etxekoek, ezinbestean, aurrera egin behar izan dute. Zuzen jokatzen hasi dira; uneoro Anaitasunaren areara baloiak zintzilikatu nahian aritu dira beren gizonik altuenen goiko jokoa baliatuz. Anaitasunak, erasoko lanean bezala, defentsa lanetan ere aparteko lana egin dute, ez diete abagune bakar bat egiteko aukerarik eman. Gorrixek gero eta espazio gehiago aurkitu dituzte, eta neurketa luzapenean sartuta zegoela, bigarren zatian zelairatu den Mikel Aramendik egin du gola. Anaitasuna kontraerasoan irten da Aramendi berak zelai erdian baloia berreskuratu ostean, eta Mikel Arzalluzek emandako pasea bikain baliatu du Aramendi anaietan zaharrenak, area barrutik huts eta bikoa egiteko.

Amaieran, poza izan da nagusi Asturiasko Nuevo Nalon zelaian. Izan ere, neurketa hasieratik guztiek buruan zuten ametsa beteko dutela baieztatu dute. Datorren abenduaren 16an, asteazkena, Lehen Mailako futbol talde profesional bat jasoko du Anaitasunak Txerloian. Reala, Athletic, Bartzelona eta Real Madril ez dira egongo zozketan, baina bai gainerako hamasei taldeak, tartean Atletico Madril, Valentzia, Sevilla, Betis, Villarreal bezalako taldeak. Alaves, Osasuna eta Eibar euskal taldeak ere zozketan izango dira. Datorren astelehenean, azaroak 16, Sevillako (Andaluzia, Espainia) La Cartuja zelaian egingo dute zozketa. Bien bitartean, Anaitasunak Hirugarren Mailako partidak jokatu beharko ditu, eta lehena datorren igandean, azaroak 15, izango dute. Urduliz talde bizkaitarra jasoko dute 17:00etan, Txerloian. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide