Adinduen Asteko ikasleen saioa bideoz jarraitu dute San Jose egoitzako egoiliarrek

Andoni Elduaien 2020ko aza. 11a, 16:33
Egoiliarrak, ikasleen jaialdia jarraitzen. (Argazkiak: udala)

Adinduen Astea dela-eta, hainbat ekintza egingo dituzte San Jose egoitzan aste honetan. Aurten ez dute ikasleen bisitarik jasoko egoitzan, eta bideoz eskainiko dizkiete haien saioak. 

Astelehenean hasi ziren ospatzen Azkoitiko San Jose egoitzan Adinduen Astea, eta igandera bitartean hainbat ekintza egingo dituzte. Aurtengoa, baina, ez da beste urteetakoa bezalako astea izango, aurrez aurreko bisitarik ez baitute jasoko egoiliarrek.

Atzo, asteartea, Bizkargi Musika Eskolako ikasleen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten egoiliarrek arratsaldean. Hori bai, bizi dugun egoera tarteko, aurrez aurreko ekitaldia izan ordez, grabatuta bidali zuten ikuskizuna eskolako ikasleek.

Astean zehar, zine forum saioak, txokolatadak eta bingoak izango dituzte egoitzan, eta igandean, astea agurtzeko, meza, bazkari berezia eta opari banaketa egingo dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide