Zaintza esparruko langileak grebara deitu ditu ELA sindikatuak

Maria Maya 2020ko aza. 12a, 08:42
Zumaian egingo dute mobilizazio nagusia, asteartean, 11:30ean Beheko plazatik hasita. (Maria Maya)

Etxez etxeko langileei nahiz adinekoen egoitzetakoei azaroaren 17an kaleak hartzeko deia egin die sindikatuak. Zumaian egingo dute Urola Kostako mobilizazio nagusia; zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa aldarrikatuko dute.

Egoera bereziki kaltebera duten pertsonak zaintzeko ardura duten langileak grebara deitu ditu ELA sindikatuak azaroaren 17rako. Urola Kostako zaintza esparruko langileek prentsaurrekoa egin zuten, atzo Zumaian, grebaren eta sektoreak egun bizi duen egoeraren berri emateko. Eta greba egunean ere Zumaian bertan izango dute hitzordu nagusia: Beheko plazan elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean hasita. Adinekoen egoitzetako langileak, etxez etxeko langileek, adin txikikoak zaintzen dituztenak zein aniztasun funtzionala dutenekin lan egiten dutenak deitu dituzte protestara.

Zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa aldarrikatuko dute langile horiek datorren astearteko greban. Izan ere, Janire Diaz ELA sindikatuko kidearen hitzetan, pandemiak agerian utzi ditu "zaintza sistemak gaur egun dituen gabeziak". Diazek azaldu du "pribatizazioaren eta negozioaren mesedetan" eraikitako sistema dela, eta emakumeen bizkar gainean jartzen duela zaintza lanen ardura guztia: "Gainera, diru publikoarekin finantziatzen da, langileak gero eta gehiago prekarizatuz".

"Dramatikoa" da esparru horretan gertatzen ari dena, zaintza langileen esanetan. Langileak nekatuta daudela jakinarazi dute, eta egoiliarak eta langileak kutsatu izanaren zama langileek hartu dutela ere adirazi dute. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, egoera mozteko beharrezko neurriak hartu beharrean, "inprobisatu" egin duela uste dute ELAko kideek, eta  Zumaiako San Juan egoitzako langileen egoera aipatu dute: "Langileek daukaten nekea eta estres maila jasanezina da". Horrez gain, langileek beren eta egoiliarren osasuna "arriskuan" jartzen dutela adierazi dute, eta haien hitzetan, "instituzioak dira horren arduradun zuzenak", horiek "pertsonen gainetik interes ekonomikoak lehenesten" dituztelako.

Zumaiako etxez etxeko langileen borroka ere gogora ekarri du Diazek. "Hiru urte daramatzate lan baldintzak hobetzeko hitzarmenaren alde borrokan, eta enpresak ez die erantzunik eman. Hori al da benetan gizarte honek merezi duen eredua eta hainbeste defendatzen duzuena?", zuzendu zaie hura instituzioei. Etxeko langileak ere aipatu ditu ELA sindikatuko kideak. Haren hitzetan, "esklabutzaren adibiderik gordinena" dira. Lan baldintza kaskarretan aritzeaz gain, "jasaten ari diren abusuak eta zapalkuntzak" mahaigaineratu ditu.

Asteartean "aldarrikapen zehatzak" aterako dituzte kalera. Zaintza zerbitzuen publifikazioa, zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, profesional gehiago kontratatzea eta lanaldia %100era luzatzea –hala nahi duten langileen kasuan–, genero arrakala gainditzeko taxuzko neurriak hartzea, ratioak hobetzea eta bajan dauden langileen ordezkapenak lehen egunetik hastea, lan osasuna bermatzeko neurri egokiak hartzea eta pandemiaren kalte larriak arintzeko langileen osatze emozionalerako plana egitea eskatu dituzte.

Aliantza, "beharrezkoa"

Diazek aipatu du LAB sindikatuarekin azaroaren 17ko greba eguna antolatzeko hainbat bilera egin dituztela, baina "zoritxarrez", ezin izan dutela adostasunera iritsi adierazi du. "ELAk argi utzi nahi du aliantzak ezinbestekoak direla gizartea eraldatzeko, eta LAB sindikatuari deitu nahi diogu grebara atxikitzeko", esan dute. 

Senideen elkarteari, eskualdeko talde feministei eta pentsiodunei eskerrak eman nahi izan zizkioten atzo Zumaian elkartutakoek, horiek eskainitako prestutasuna eta emandako babesagatik. "Zalantzarik gabe, denon elkarlana beharrezkoa da greba honen lanketarako".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide