San Martin ermita, hutsik eta isilik

Ermitaren bueltan ez da beste urteetako jendetzarik elkartu. Kanpaiaren soka ez dago erabilgarri, eta beraz, aurten ez da egongo kanpaiari soinua ateratzeko aukerarik.

Gaur, azaroak 11, San Martin eguna da. Aurten, ordea, ez dago ermitako kanpaia jotzerik eta ez da beste urteetan bezalako ilararik sortu Azkoitiko San Martin ermitara iristeko dagoen eskaileretan. Ohiturari fin eusten dion herritarren bat edo beste San Martinera gerturatu den arren, haiek ez dute kanpaia astintzeko aukerarik izan, eta ondorioz, jo gabe itzuli behar izan dute etxera. Gainerako egun guztietako lana izan du beraz, gaur, kanpaiak; orduak puntuan abisatzen jarraitu du.

Duela 40 urte, Iñaki Suduperen (Azkoitia, 1960) ama zenak hartu zuen San Martin ermita bizileku bezala, eta egun han bizi dira bere ondorengoak. Hark azaldu du,  kanpaiari tiratzeko soka lehen beren etxe barruko sukaldean zegoela, baina gero lekuz aldatu zutela. "Gero eta jende gehiago hasi zen etortzen kanpaia jotzera, eta horregatik, soka ermita kanpora ateratzea erabaki genuen", adierazi du. 

Eskoletatik-eta umeak etortzen hasi ziren ermitara, Suduperen kalkuluen arabera "1985. urtean edo". Hala eta guztiz ere, Sudupek gogoratu du aurten bezala urte batean kanpaia jo gabe ere gelditu zirela herritarrak. Honela kontatu du: "Kanpaiari jotzeko soka orratzean katigatu zen, eta puskatu egin zen", esan du. Horregatik, bat baino gehiagok hartu behar izan zuen etxerako buelta kanpaia jo gabe, gaur bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide