Anaitasuna Errege Kopako balentria historikoaren bila abiatu da Asturiasera

Oviedon (Asturias, Espainia) pasatuko dute gaua, bihar 19:00etan jokatuko duten partidaren atarian. Neurketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Anaitasunaren webgunetik.

Bihar, asteazkena, Real Titanico taldearen aurka Errege Kopako atariko neurketa jokatuko du Anaitasuna futbol taldeak, Asturiasen. Partida hori dela-eta, Anaitasunako gizonezkoen lehen taldea gaur, asteartea, abiatu da Asturiasera balentria historikoaren bila; 19:15 pasata zirela abiatu da autobusa Txerloia futbol zelaitik. Jokalariek, entrenatzaile taldeak eta Zuzendaritza Batzordeko kideek bete dute autobusa. Lau ordu inguruko bidaiaren ondoren, Oviedon (Asturias) pasatuko dute gaua guztiek.

Bihar, asteazkena, 19:00etan jokatuko dute Espainiako Errege Kopako atariko neurketa Real Titanico taldearen aurka, El Entrego herriko Nuevo Nalon zelaian. 19:00etan hasiko da partida, ateak itxita izango da, baina Anaitasunaren webgunearen bitartez zuzenean jarraitu ahal izango da norgehiagoka. Nuevo Nalon zelaia ez da Real Titanico taldearen ohiko zelaia. Asturiasko futbol taldeak Las Tolvas zelaian jokatu ohi ditu bere etxeko neurketak, baina zelaiak argiteriarekin dituen arazoak tarteko, Nuevo Nalon zelaia hautatu dute asturiarrek Anaitasunaren aurkako Errege Kopako partida jokatzeko.

Asturiarren aurkako neurketa irabaziz gero, historia are eta hizki larriagoz idatziko du klubak. Datorren abenduaren 16an, asteazkena, Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka neurtuko ditu indarrak, Txerloian, Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide