Autoestimua eta autonomia pertsonala garatzeko tailerrak eskainiko dituzte emakumeentzat, azaroan

Andoni Elduaien 2020ko aza. 9a, 13:51
Udaleko eta Malen Etxea elkarteko kideak. (Argazkia: udala)

Azaroan zehar udalak eta Malen Etxea elkarteak elkarrekin antolatutako tailerrak eskainiko dituzte. Horietan parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa izango da. Horrez gain, dokumental bat ere eskainiko dute, eta herriko ikastetxeetan 1.600 eskumuturreko banatuko dituzte. 

Udalak Malen Etxea elkartearekin lankidetzan emakumeei zuzendutako tailerrak antolatu ditu "autoestimua eta autonomia pertsonala garatzeko". Ekimena azaroaren 25ean egingo dute, eta hori horrela, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekintzen barruan sartuko du udalak.

Tailerrak azaroaren 15ean, 22an eta 29an eskainiko dituzte Elkargunean, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Izen-ematea doakoa da eta dagoeneko ireki dute horretarako epea. Saioetan parte hartu nahi duten interesdunek contacto@malenetxea.org helbidera idatzi beharko dute.

Udalak azaldu duenez, Malen Etxea elkarteak tailerrekin lortu nahi duena da "langile gisa dituzten eskubideak ezagutaraztea eta aliantzak indartzea, etxeko zein zaintza lanetan dabiltzan emakumeen lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta eskatzeko". Halaber, ekimenaren asmoa da "asoziazionismoa sustatzea emakumeen kontrako indarkeriaren prebentziorako tresna gisa".

Malen Etxea elkartearen esanetan, etxeko eta zaintzako lanak egiten dituzten emakumeen %90 etorkinak dira. "Etxe barneko erregimenaren eraginpean daude, eta XVIII. mendeko neskametza eta esklabotzarekin bakarrik alderatu daiteke hori". Elkarteak urteak daramatza emakume migranteen "berdintasunaren eta giza eskubideen alde" lanean, baina jakinarazi dutenez geroz eta gehiago dira hurbiltzen zaizkien bertako emakumeak, "nagusiki, COVID-19aren krisiaren ondorioz".

Dokumentala eta eskumuturrekoak

Tailerrez gain, Malen Etxea Zaintzaren Esklabo dokumentala emango dute azaroaren 26an, 18:30ean, Kultur Etxean. Maitane Subijana da dokumentalaren zuzendaria eta proiekzioaren ostean, "sentsibilizazio solasaldia" eskainiko du.

Era berean, Udaleko Berdintasun sailak genero indarkeriaren aurkako eskumuturrekoak banatuko ditu herriko ikastetxeetan "sentsibilizazioa indartze aldera". 1.600 eskumuturreko banatuko dira LH6 eta DBH4 arteko ikasleen artean. Ekimenean parte hartuko dute Floreaga Ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Azkoitia BHI-k, Bizilore Eskola Aktiboak eta Izarraitz Lanbide Heziketak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide