Osasun Sailak hogei kasu positibo hauteman ditu azken hiru egunetan Azkoitian

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 9a, 13:27

Datuak erdira jaitsi dira Osasun Sailak joan den astean emandako azken txostenetatik. Azken egunetan hogei kasu zenbatu dituzte, ostiralean erdiak.

Pandemiaren olatuak ez du atsedenik hartzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiraletik igandera arteko datuen berri eman du gaur. Orotara, positiboen kopuruak beherantz egin du Hego Euskal Herrian, baina datuek oraindik ere kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Azkoitian hogei kasu atzeman ditu Osasun Sailak azken hiru egunetan. Hamar kasu zenbatu zituzten ostiralean, zazpi larunbatean eta hiru atzo, igandea. Kasuak joan den asteko asteazkenetik eta ostegunetik ia erdira jatsi dira, beraz. Hori horrela izanik, intzidentzia tasak ere beheranzko bidea hartu du; 1.292,85ekoa da gaur-gaurkoz.

Eskualdeko egoera

Urola Kosta eskualdeari dagokionez, Azkoitiko hogei kasuez gain, beste 134 kasu baieztatu dituzte azken hiru egunetan. Eskualdea osatzen duten 11 herrietatik bederatzitan detektatu dituzte positiboak; Aian eta Beizaman ez dute kasurik zenbatu. 

Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 49 guztira. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu positibo metatuen tasa milatik behera jarraitzen du –836,87an dago gaur egun–, baina azken aste honetan gorantz egin du etengabe, eta argi gorriak piztuta daude han. Azpeitian ere ez dute lasai egoteko arrazoirik, ostiraletik igandera bitartean beste 37 kasu ezagutu dituztelako; igandean bakarrik 22 kasu izan zituzten. Kasu metatuen tasa 1.222,19koa da asteburuko datu hauen ondoren. 

Kezkagarria da Orion asteburu honetan izandako positibo kopurua: hiru egunetan hemeretzi kasu detektatu dituzte han, eta, ondorioz, kasu metatuen tasa milatik hurbil jarri da (940,44). Zumaian, berriz, beste hamabi kasu izan dira azken egunotan, eta 1.343,51ko tasarekin 5.000 biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasa handiena badu ere, jaitsi egin da azken egunotan. Tasa hori bi milatik oso hurbil egon zen orain astebete eskas. Eskualdeko beste herri batzuetan ere izan dituzte positiboak. Getarian beste zazpi kasu izan dituzte ostiraletik igandera bitartean, sei Zestoan, hiru Errezilen eta bat Aizarnazabalen. 

Kasuak behera Hego Euskal Herrian

Pasa den asteko zenbakiekin alderatuta, positiboen kopuruak beherantz egin du Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.867 kasu izan dira asteburuan. Ostiralean 1.444 positibo izan ziren, baina kopurua bi egun geroago 1.178ra jaitsi zen. Hiru egun hauetan 38.000tik gora PCR eta antigeno proba egin dituzte hiru lurralde horietan. Datuen arabera, 508 pertsona zeuden atzo Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta. Gora egiten jarraitzen du, era berean, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dauden gaixoen kopuruak ere: 130 lagun zeuden atzo ZIUn Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroako Foru Gobernuak ez du oraindik asteburuko datu ofizialik jakinarazi, baina atzo 183 kasu positibo izan zirela aurreratu dute. Irailaren hasieratik izandako kopuru txikiena da. Beraz, badute Nafarroan arnasa hartzeko aukera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide