Ezohiko Adinduen Astea ospatuko dute San Jose egoitzan gaurtik igandera

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 9a, 09:58
Floreaga ikastetxeko ikasleak, iazko Adinduen Astearen barruan San Jose egoitzan egin zuten emanaldian. (Mailo Oiarzabal)

Aurrez aurreko bisiten ordez "bisita birtualak" jasoko dituzte egoiliarrek, udalak azaldu duenez. Herriko ikastetxeek eta Bizkargi musika eskolakoek bideoan grabatu dituzte beren emanaldiak, esaterako.

Gaurtik igandera ospatuko dute San Jose egoitzan urteroko Adinduen Astea. Aurtengoa, baina, ez da aurreko urteetakoa bezalako astea izango, aurrez aurreko bisitarik ezingo baitute jaso egoiliarrek.

Udalak azaldu duenez, "ezohiko edizioa izango da ezohiko egoeran gaudelako, baina ilusionatzeko moduko egitaraua antolatu da, nahiz eta aurrez aurreko bisiten ordez bisita birtualak eta bideo proiekzioak izango dituzten". Horrela, besteak beste, herriko ikastetxeek zein Bizkargi musika eskolak urtero egoitzan bertan egiten dituzten emanaldirik ez da izango aurten; horien ordez, ikastetxeek eta musika eskolak bideoan grabatu dituzte beren saioak, eta bideo horiek ikusiko dituzte egoiliarrek astean zehar.

Astea hasteko, egoiliarrei, langileei, familiei eta boluntarioei zuzendutako eskertza ekitaldia egingo dute gaur San Jose egoitzan. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileei ere eskerrak emango dizkiete, "publikoki egindako aitorpenagatik", eta COVID-19aren pandemia garaian adinekoen egoitzetan hil diren pertsona guztiak ere gogoan izango dituzte. Javier Zubizarreta alkateak "animoak emateko" bideoz helarazi dien mezua ere ikusgai izango dute egoitzakoek, udalak jakinarazi duenez.

Astean zehar, zine forum saioak, txokolatadak eta bingoak izango dituzte egoitzan, eta azaroaren 15ean, astea agurtzeko, meza, bazkari berezia eta opari banaketa izango dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide