Juaristi ISBk garaipena lortu du Circulo Gijon taldearen kontrako partidan

Juaristi ISBk atzo jokatu zuen partidako bi irudi. (ISB)

ISBko gizonen lehen taldeak atzo jokatu zuen denboraldiko laugarren norgehiagoka, Azpeitiko kiroldegian. 91 eta 77 nagusitu zen Juaristi ISB. Datorren astean Melillan jokatuko du Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak.

Juaristi ISBk garaipena eskuratu zuen atzo, igandea, Circulo Gijon taldearen kontra jokatutako norgehiagokan. Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten partida Iñaki Jimenezen mutilek, eta lau laurdenetan aurretik izanda irabazi zuen norgehiagoka.

Lehen zatia 24 eta 19 amaitu zen; bigarrena, 46 eta 35; hirugarrena, 71 eta 59; eta laugarrena, 91 eta 77. Etxeko taldeko saskiratzaile onena kevin Buckingham izan zen, 19 puntu erdietsita. Minutu gehien, berriz, Ibon Guridi azpeitiarrak jokatu zituen: 30 minutu, hain zuzen ere.

Azpeitiko eta Azkoitiko taldea sailkapeneko bosgarren postuan da, lau partida jokatuta eta horietatik hiru irabazi ditu. Datorren asteburuan Melillan (Espainia) jokatuko du ISBko gizonen lehen taldeak; Enrique Soler taldea izango du aurrez aurre.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide