Gutuna

Egoiliarrak noiz arte barruan?

Lurdes Z., Luis L., M. Karmen E., Eva F., Marisol P., Maite J., Maialen S., Jose Manuel A. eta beste hainbat 2020ko aza. 8a, 18:22
San Jose egoitza.

San Jose egoitzako senide talde batek honako gutun hau bidali du Maxixatzenera, egoiliarrek egoitzaren barrutik ateratzeko aukerarik ez dutelako. Egoitzak adinekoak kanpora ateratzeko baliabideak badituela gogorarazi dute, eta beraz, ez dutela ulertzen horretarako aukerarik ez izatea.

Hilabeteak daramatzate San Jose egoitzako egoiliarrek kanpora irten ezinik, lau hormen barruan sartuta. Egoiliarren senideok behin eta berriz diogu gure familiakoen osasun fisikoa oso garrantzitsua dela, eta ezinbestekoa dela birusa egoitzan sartu ez dadin ahaleginak egitea. Hala ere, osasun emozionala zaintzea ere nahitaezkoa da, eta ez zaigu iruditzen egoitza horren inguruan behar beste egiten ari denik. Aitzitik, gure senideen osasun emozionala gero eta kaskarragoa da, egunetik egunera.

Eguzkiak eta aire librean arnasteak eragin zuzena omen dute gure osasunean. Zalantzarik gabe, adinekoei mesede egingo lieke kanpoko aire freskoa hartzeak, denbora guztian egoitza barruan egon beharrean. Ez hori bakarrik. Birusa kutsatzeko aukerak nabarmen murrizten omen dira aire librean. Beraz, zergatik ezin dugu egoitzako atarira irten gure etxekoak bisitatzera joaten garenean?

Bisitak txandaka egiten dira, eta gehienez ere, lauzpabost egoiliarrek izaten dute bisita ordu berean. Alegia, une berean zortzi edo hamar bat pertsona elkartzen gara guztira, asko jota. San Jose egoitzaren atarian nahikoa leku dago elkarrengandik urrun egon, pilaketak saihesteko eta beharrezko distantzia soziala mantentzeko. Hori horrela izanik, zergatik ezin dugu kanpoan egon edo paseatu bisitara joandakoan?

Beste herri batzuetako egoitzek ez dute ataririk edo nahikoa lekurik kanpoan. Nolanahi ere, ahaleginak egiten ari dira irtenbideak bilatzeko. Egoiliarrek aire librean ibiltzeko aukera izan dezaten, besteak beste, leku publikoak –parkeak, pasealekuak...– erabiltzen ari dira zenbait herritan. Adibidez, Tuteran (Hainbat hedabidek kaleratu duten "Tudela reserva espacios seguros exclusivos para los usuarios de las residencias" dioen albistearen argazkian, eraikuntza baten azpiko aterpeak azaltzen dira). Zarauzko Udalak ere neurriak hartu ditu egoitzaren ondoko parke publikoaren zati bat egoiliarrentzat izan dadin eta kanpora irteteko aukera izan dezaten.

Hortaz, herri batzuetan toki publikoak eta irekiak egokitzen ari dira egoitzetako erabiltzaileek kanpora ateratzeko lekua izan dezaten. Azkoitian, berriz, San Jose egoitzak aire freskoan paseatzeko eta lasai egoteko zelai eta lorategi zabalak ditu atarian, eta gainera, horietan ez da egoitzatik kanpoko inor ibiltzen. Alegia, ez legoke beharrik herriko toki publikoak egokitzeko, bertan nahikoa leku bai baitago. Tamalez, egoiliarrei ere ez diete kanpora ateratzeko aukerarik ematen. Zertarako ditu egoitzak halako belardi ederrak egoiliarrek beraiek ere ez badute atarira ateratzerik?

Ezin dugu ulertu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide