Positibo kopuruak behera egin du Gipuzkoan

Julene Frantzesena 2020ko aza. 8a, 13:43

Herenegun baino 110 positibo gutxiago zenbatu ditu Osakidetzak Gipuzkoan. Bizkaian eta Araban ere behera egin dute positiboek. Hego Euskal Herrian ere bera izan da joera, baina PCR eta antigeno proba gutxiago gauzatu zituzten atzokoan.

Asteburu ia guztietako legez, positiboen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian, eta atzokoa ere ez zen salbuespena izan: 1.496 positibo atzeman zituzten –395 gutxiago–. Dena den, asteburuetan gauzatutako PCR eta antigeno proben kopurua apalagoa izan ohi da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.024 PCR eta antigeno test gauzatu zituen Osakidetzak –herenegun baino 600 gutxiago–, eta proba egin zuten 1.245 pertsonak eman zuten positibo. Nafarroan, berriz, 2.742 test egin –bezperan baino 1.466 gutxiago– eta 250 kasu detektatu zituten, azken hilabeko kopuru baxuena; herenegun, esaterako, 330 positibo zenbatu zituzten lurralde horretan.

Hego Euskal Herriko positibotasun tasak zertxobait behera egin du: atzoko datuak kontuan hartuta, %10,12n kokatu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %10,29koa da positibo tasa, eta Nafarroan, berriz, %9,1.

Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien atzo: 603 –herenegun 641–. Gipuzkoan, berriz, 528 lagunek eman zuten positibo probetan –herenegun 638k–, eta Araban 106k –herenegun 155–. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere eman zuten positibo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 74 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta uneotan, 122 lagun daude ZIUn, atzo baino hiru gehiago. Nafarroako Gobernuak oraindik ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide