Bigarren garaipena erdietsita, sailkapenaren buruan dira Anaitasunako emakumeak

Anaitasunako emakumeak partida batean.

Zarautzen aurka jokatu zuten Euskal Ligako bigarren jardunaldia, eta aise irabazi zuten partida: 2 eta 0. Bitik bi partida irabazita, sailkapenaren buruan da Azkoitiko taldea.

Anaitasunako emakumeen lehen taldeak denboraldiko bigarren partida jokatu zuten atzo, Txerloia futbol zelaian. Zarautzen aurka jokatu zuten Euskal Ligako bigarren jardunaldia, eta aise irabazi zuten partida. Norgehiagokaren lehen zatian, 36. minutuan, iritsi zen etxeko taldearen lehen gola: Eneritz Jauregik sartu zuen.

Huts eta batekoarekin iritsi zen atsedenaldia, eta gogotsu zelairatu ziren Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeko jokalariak bigarren zatian ere. Horren erakusle da bigarren zatia hasi eta hiru minutura Leire Ucinek sartu zuen gola. 2 eta 0 bukatu zen partida, eta garaipen hori tarteko, sailkapenaren buruan da Azkoitiko taldea. Izan ere, bitik bi partida irabazi dituzte Anaitasunako emakumeek –aurreko astean 1 eta 6 nagusitu ziren Barakaldoren aurkako neurketan–.

Datorren asteburuan denboraldiko hirugarren jardunaldia jokatuko dute, eta Sestao River izango dute aurrez aurre.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide