Anaitasunak asteazkenean jokatuko du Errege Kopako atariko neurketa

Andoni Elduaien 2020ko aza. 8a, 11:11
Julen Guerrero futbol jokalari ohiak atera zuen Anaitasunaren izena zozketan.

'Gorrixek' asteazkenean 19:00etan jokatuko dute neurketa, Real Titanico taldearen aurka. Partida ateak itxita jokatuko dute, Asturiasko El Entrego herriko Nuevo Nalon zelai artifizialean.

Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak datorren asteazkenean, azaroak 11, jokatuko du Espainiako Errege Kopako atariko neurketa. 19:00etan hasiko da Real Titanico taldearen aurkako partida El Entregoko (Asturias, Espainia) Nuevo Nalon zelaian. Egungo osasun egoera tarteko, neurketa ateak itxita jokatuko dute asturiarrek eta azkoitiarrek. Kluba, gainera, Kopako neurketa webgunetik zuzenean eskaintzeko egon daitezkeen aukerak aztertzen ari da.

Nuevo Nalon zelaia ez da Real Titanico taldearen ohiko zelaia. Asturiasko futbol taldeak Las Tolvas zelaian jokatu ohi ditu bere etxeko neurketak, baina zelaiak argiteriarekin dituen arazoak tarteko, Nuevo Nalon zelaia hautatu dute Anaitasunaren aurkako Errege Kopako partida jokatzeko.

Nuevo Nalon zelaia.

Historiarekin hitzordua

36 urteren ondoren ari da Anaitasuna Errege Kopan parte hartzen, eta futbol taldeak eskura du Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka aritzeko aukera. Real Titanicoren aurka partida irabaziz gero, Santander Ligan lehiatzen ari diren talde baten aurka jokatuko du Anaitasunak Txerloian, abenduaren 16an. 

Aurtengoa, baina, ez da Anaitasunak Errege Kopan parte hartuko duen lehen aldia. Izan ere, 1980-81 denboraldian, Anaitasuna ere Hirugarren Mailako taldea zen, eta orduan ere Errege Kopa jokatu zuen. Eibarrek kanporatu zuen txapelketatik. Ipuruan bat eta huts galdu zuten gorrixek, eta huts eta hiru menderatu zituzten armaginek azkoitiarrak, Txerloian.

Errege Kopako hurrengo parte hartzea hiru denboraldi beranduago lortu zuen Anaitasunak. Aurten Errege Kopara sailkatzeko ibilbidean izan duen aurkari batekin egin zuten topo gainera azkoitiarrek 1983-84 denboraldian: Aurrera Ondarroa. Bi partidetara jokatu zuten kanporaketa hura, eta Txerloian bana berdindu zuten; Zumetak egin zuen Anaitasunaren gola. Ondarroan, ordea, bat eta bi nagusitu zen Azkoitiko futbol taldea, eta Errege Kopan aurrera egitea lortu zuen horrela.

Kanporaketa hura gaindituta, Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzeko sailkapena lortu zuen Anaitasunak, eta Deportivo Alaves izan zuten aurkari. Txerloian huts eta bat galdu zuten gorrixek. Mendizorrotzan jokatutako itzulerako neurketan, berriz, Alik penaltiz egindako golari esker kanporaketa berdintzea lortu zuen Anaitasunak, baina gero zortzi gol jaso zituen taldeak.

Garaipena, Eibarren

Hirugarren Mailako taldeak Vitoria Eibar klubaren bigarren taldea menderatu zuen atzo, larunbata, Eibarko Unbe futbol zelaian. Barbarin eskuin hegaleko atzelariak lehen zatian egindako golari esker, hiru puntu garrantzitsu lortu zituzten gorrixek. Lau neurketa jokatuta, bost puntu bildu ditu Anaitasunako mutilen lehen taldeak, eta bere multzoko erdiko postuetan kokatu da asteazkeneko Errege Kopako partidaren aurretik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide