Tokikom Sariak 2020

Igandean amaituko da Tokikomen komunitatearen sarian botoa emateko epea

Maxixatzen.eus 2020ko aza. 6a, 19:00
Finalisten artean den Maxixatzenen azala.

Epaimahaiak 2020ko maiatzeko zenbakiaren azala aukeratu du, 'Auzoa arnas' erreportajearekin lotuta egindako ilustrazioari esker. Iñaki Martinez diseinatzaileak eta Andoni Elduaien kazetariak egin zuten azala. Herritarrek lan onenaren aldeko boza emateko aukera dute.

V. Tokikom Sarietarako hautagaien artean da Maxixatzen. Epaimahaiak 2020ko maiatzeko zenbakiaren azala aukeratu du, Auzoa arnas erreportajearekin lotuta egindako ilustrazioa tarteko. Iñaki Martinez diseinatzaileak eta Andoni Elduaien kazetariak egin zuten azala.

Aurtengoan Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak zein Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatu dute epaimahaia. Maxixatzeneko azalaz honako azalpen hauek eman dituzte horiek: "Argazkiak oso momentu zehatza harrapatzen du eta indar handiz jartzen du ikuslearen begien aurrean. Kontraesanez beteriko irudi bizia osatzen du: anabasa koloretsua, jendea etxean sartuta baina jai giroan... Argazkiaren konposizioak ere efektu hori areagotzen du, perspektibarekin egiten duen jolas bitxiarekin".

Maxixatzenekin batera, azal onenaren sarirako hautagaiak dira Guaixe eta Goiena. Sari horrez gain, beste hiru ere banatuko ditu Tokikomek: eduki onenarena, ikus-entzu­nezkorik onenarena eta komunitatearen saria. Azken sari hori berria da, COVID-19ak sortutako egoera tarteko sortutakoa. Herritarrek lanik onenen aldeko boza eman ahal izango dute azaroaren 8ra bitartean.

Honako lotura honetan eman daiteke botoa.

 

UKTko finalista gehiago

Maxixatzenen azalaz gain, Urolako Komunikazio Taldeko beste bi hedabide ere finalisten artean dira. Karkara eduki onenaren sarien hautagaietako bat da. Hain zuzen ere, Intza Unanuek Najaat Kaanacheri egindako elkarrizketa da epaimahaiak hautatu duen lana. Honako azalpen hau eman dute epaimahaikideek lan hori finalisten artean sartu dutelako: "Karkarak elkarrizketa borobila egin dio gure artean oso ezaguna ez bada ere, mundu mailan lehen lerroan diharduen sukaldari honi. Elkarrizketa bikaina da, pasadizo gogor samarrak kontatzen baditu ere, tono altu eta itxaropentsuan hasi eta bukatuz. Epaimahaiak goraipatu du elkarrizketatzailearen lana, hala pertsonajea aukeratzeko orduan, nola elkarrizketa osoan txinparta ateratzeko".

Bestalde, Baleikek eta Erlo Telebistak egindako Marea errotaren arrastoaren bila erreportajea ikus-entzunezko lanen finalean sartu da. Honako arrazoi honegatik hautatu du lan hori epaimahaiak: "Honako erreportaje bikain honek primeran jasotzen du herriko ondare historikoa. Lan handia sumatzen da pieza osatzeko orduan: dokumentazioa, artxibo lana, adituen parte hartzea... Osagai bikainekin borobildu dute ikus-entzunezkoa: droneko irudiak, elkarrizketak, ordenagailuz sortutako irudiak... lantalde ederra zalantzarik gabe, emaitza azpimarragarria eman duena".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide