Udalak sei peoi kontratatuko ditu, eta zabalik dago eskaintzan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2020ko aza. 5a, 14:24

Lan eskaintzan interesa dutenek azaroaren 16a baino lehen eman beharko dute izena Lanbiden. Balio anitzeko sei peoi kontratatuko ditu udalak, eta lanaldi osorako sei hilabeteko kontratua egingo zaie langileei.

Azkoitiko Udalak Lanbidek finantzatutako balio anitzeko sei peoi kontratatuko ditu aldi baterako, eta dagoeneko zabalik dago eskaintzan izena emateko aukera. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez eman beharko da izena—honako lotura honetan—, azaroaren 16a baino lehen. Kontratuen iraupenari dagokionez, sei hilabetetarako kontratatuko dituzte langileak, lanaldi osorako.

Hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

  • Eskola ziurtagiria izatea
  • DBE (RGI) jasotzailea izatea (bi pertsona)
  • Gizarte-bazterketa jasateko arriskua dutenak (bi pertsona)
  • 55 urtetik gorakoa (pertsona bat)
  • 35 urtetik beherakoa (pertsona bat)
  • Sei pertsona horietatik hiruk emakumezkoak izan behar dute, eta beste hirurek gizonezkoak
  • Lorezaintzan esperientzia izatea
  • Ahozko euskara maila altua izatea
  • Langabea izatea eta izena emanda egotea Lanbiden lan-eskatzaile gisa

Honako lotura honetan irakur daitezke lan eskaintzaren oinarriak, eta beste honetan, baldintzak. Azkoitiko Udalak Urola Ekiten VI programaren barruko Ekobailara VIII azpi-proiektua gauzatzeko kontratatuko ditu sei peoiak, eta deialdi honen inguruan hartzen dituen erabakiak azkoitia.eus webgunean argitaratuko ditu; horrez gain, interesdunen eskura jarriko ditu Azkoitiko Udaleko Idazkaritza Sailean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide