Beste hamahiru kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Dorleta Agiriano 2020ko aza. 4a, 14:01

Une honetan Urola Kostako bost herritan dago piztuta semaforo gorria: Azpeitian, Zarautzen, Azkoitian, Zumaian eta, aurreneko aldiz, Orion. Bihar bilduko da LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertuko du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, Azkoitian beste hamahiru kasu positibo hauteman dituzte. Azken astean 76 kasu zenbatu dituzte herrian, azken hiru egunetan ia erdiak –35 kasu–. Martxoaz geroztik 516 kasu baieztatu dituzte Azkoitian. Azken egunetako gorakadaren ondorioz, gainera, intzidentzia tasak ere gora egin du; gaur-gaurkoz 1417,97koa da tasa, eta hori horrela, semaforo gorrian jarraitzeaz gain, kasuen agerraldiek goranzko joera dute oraindik ere.

Eskualdeko egoera

Eskualdean ere gora egiten jarraitzen du atzemandako kasu positiboen kopuruak. Atzo, azaroak 3, Osakidetzak 77 kasu berri zenbatu zituen Urola Kostan. Azkoitiko hamahiru kasuez gain, Azpeitian detektatu ditu positibo gehien, 21 kasu guztira. 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1580,87koa da Azpeitian. Zarautzen ere igo egin da kasu berrien kopurua, hamabost positibo detektatu baitzituen atzo Osakidetzak. Hamarna emaitza positibo izan ziren herenegun eta igandean, eta 673,79koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz.

Zumaian, berriz, hamabi positibo berri izan ziren atzo, herenegun baino hamar gehiago. Hala, intzidentzia tasa altua du oraindik: 1.882,95. Semaforo gorria, beraz, piztuta dago oraindik Azpeitian, Zarautzen, Azkoitian eta Zumaian; eta gaur sartu da Orio ere. Atzo zazpi kasu berri zenbatu zituzten, herenegun baino lau gehiago. Orain, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 511,47koa da. Aizarnazabalen ere izan da igoera: bost kasu positibo izan ziren atzo. Gainerako herriei dagokienez, Aian bi kasu zenbatu dituzte, eta bana Getarian eta Errezilen.

15.611 proba Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak argitaratu duenez, orotara 15.611 proba (PCR nahiz antigenoak) egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 3.725 gehiago. Horietatik 1.425 izan ziren emaitza positiboak, %9,1 alegia. Gipuzkoan 630 kasu berri topatu zituzten, Bizkaian 623, eta Araban 163. Nafarroan 3.807 pertsonak egin zuten proba atzo, eta urriaren 8tik jaso den daturik baxuena erregistratu zuten: 343 positibo, herenegun baino ia 100 gutxiago.

LABIren bilera, bihar

Bihar, azaroak 5, bilduko da LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea. EAEn neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertuko du batzarrean, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez. Azken asteetan adierazi du mahai gainean dela itxialdi orokorra indarrean sartzeko aukera, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur ere ez du balizko neurria baztertu. “Gero eta gutxiago izan arren”, ordea, gogorarazi du badirela beste aukera batzuk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide