Urtebeteko etena San Martin eguneko ohiturari

Andoni Elduaien 2020ko aza. 6a, 10:00
San Martin ermitako artxiboko irudi bat.

Aurten ez da beste urteetako ilararik sortuko San Martin ermitan. Bizi dugun egoera ikusita, Azkoitiko Udalak herritarrei kanpaia jotzera ez joateko eskera egin die; gainera kanpaiaren soka eskuragarri ez dela egongo esan du. Baina, zergatik jotzen dute azkoitiarrek azaroaren 11n kanpaia? Juan Bautista Mendizabal historialariak argitu dio Maxixatzeni Azkoitiko historiaren parte den gertaera.

Gauza jakina da kanpaiak era guztietako berriak jakinarazteko erabili izan direla historian zehar, baita Azkoitian ere. Kanpaiaren hotsaren arabera, heriotzak jakinarazten ziren, hildakoa gizona edo emakumea zen zehaztu, suteren bat zegoenean ere beste soinu bat ateratzen zuten kanpaiek. Baina horien guztien artean, bada Azkoitian kanpai oso berezi bat: San Martin ermitako kanpaia. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronistak eta historialariak azaldu du bere historia. 465 urte egin behar dira atzera zehazki Azkoitiko San Martin ermitaren egunean herritarrek duten ohituraren jatorria ezagutzeko. XVI. menderako hasiak ziren Azkoitian ermitako kanpaiak astitzen. Baina, nola eta zergatik errotu da gerora Azkoitian ohitura hori?

1555. urteko udaberria amaitu eta uda sartzear zela, ekainaren 18an, inork espero ez zuen gertakari bat jazo zen Azkoitian. Inor ohartzerako, Elosu aldean zerua beltz-beltz jarri zen, haizea erabat zakartu, eta kolpetik laino beltz haiek beren barruak ustu zituzten. Sekulako harri-erauntsia bota zuen, baserrietako uzta erabat galdu eta etxeetan txikizioak eraginda. "Oso azkar gertatu zen, eta Elosua aldeko baserri guztietan eragin zituen kalteak, batzuen teilatuak erabat suntsitzeraino", esan du Mendizabalek. Baserritarrak "zisko eginda" gelditu ziren historialariaren esanetan, eta segituan jo zuten haiek udaletxera, gertatu zenaren berri ematera. "Alkateak berehala deitu zuen bilkura udaletxean. Baserrietan gertatutakoa, batetik, jainkoaren zigorra zela esaten zuten batzarrean, eta bestetik, antzeko kasuak ekiditeko zer egin zitekeen pentsatzen hasi ziren". Historialariak jakinarazi du alkateak herriko erretoreari deitu ziola gero, eta hark parrokiatik kanpaia jo al zuten galdetu ziola apaizari. Horrela jarraitu du kontakizunarekin: "Apaizak baietz esan zion, jo zuela, baina alkateak beranduegi jo zutela erantzun zion. Orduan, erretoreak azaldu zion sakristauak ez zuela ikusten eliz ataritik Elosua aldea, eta horregatik, ekaitza entzundakoan jo zuela kanpaia", azaldu du azkoitiarrak. Izan ere, duela 465 kanpaiak jotzen zituzten ekaitzak uxatzeko, baina hori parrokiatik egiten zuten.

Eliz ataritik herri guztia ikusteko zegoen arazoa tarteko, udalak zaintza lan hori beste leku batetik egitea erabaki zuen: San Martingo ermitatik. "Udalak esan zuen berriz ezin zitekeela horrelakorik gertatu Azkoitian, eta San Martingo ermitan Zabaletatar abade jartzea erabaki zuten. Abadeari etxez-etxe limosna eskatzeko baimena eman zioten, eta Floreaga jauregiko jaunari ere limosna berezi bat eskatu zioten, abadeari ordaintzeko", dio historialariak. Kontakizunarekin jarraitu du Mendizabalek, eta adierazi du abade hura "maiatzetik ekain-uztail aldera bitartean" ermitan bertan bizi zela, abadeak ermitatik herri guztia ikusiko zuelako. Orduan, ekaitza ekar zezakeen lainoak ikusten bazituen, abadearen ardura zen kanpaia jotzea eta konjurua egitea. Kanpai hots etengabearen artean, salmoak irakurtzen zituztela esan du historialariak eta lainoei beren barruak beste leku batean husteko eskatzen zietela. Halere, Mendizabalek esan du Martirietako abadeari Martirietatik kanpaiak jotzeko ere eskatu ziotela lehenago zerbait ikusiz gero. Gainera, San Martinen kanpaia jotzen hasten baziren, herriko ermita guztietan kanpaia jotzeko eskatu zuen udalak. Hori izan zen udalak zehaztu zuen protokoloa. 

Hortik dator, beraz, oraindik orain azkoitiarrek gogotsu ospatzen duten kanpai jotzearen ohitura. Duela 465 urteko ezbehar metereologiko hartan oinarrituta, kanpaiak jotzen hasi ziren konjura edo araoen artean, laino susmagarri haiek beldurtzeko asmoz. Baina, zergatik jotzen da kanpaia azaroaren 11n eta ez ekainaren 18an? Egun hartako gertakaria "oroitzapen bezala" hartuta, San Martin egunean izen berarekin ezagutzen den ermitaren "ohitura" bihurtu dela dio Mendizabalek. 

San Martin eta kanpaia

Kanpaiak, ordulari bezala funtzionatzen zueneko lehen aipua 1518. urtean dago jasoa dokumentu historikoetan; ordurako bazen kanpaia beraz San Martinen. Egun San Martinen dauden kanpaiak, gainera, kanpai zahar haiekin egindakoak dira, brontzea bera urtu eta berriz landu baitzuten. 1520. urtean, berriz, kanpai berria egiteko limosna eskatu zutela dio Mendizabalek. "Herritar guztiek nahi izaten zuten parte hartu kanpaia eraberritzeko lanetan. Orduan, herrian zabaldu zen urrezko kanpaia zela San Martingoa. Kanpaiaren brontzea urtzerakoan, jendeak etxeko txanponak botatzen zituen, kanpaia bere parte sentitzeko. Horregatik, kanpaia egin zen zuloan txanpo zahar ugari agertu ziren; Portugalgo txanponak eta guzti, pentsa. Garai hartan, antza denez, ez zegoen nahikoa txanpon, eta beste herrialdetako txanponak erabiltzen zituzten herritarrek. Azkoitiar txiroenek txanponik txikienak bota zituzten, baina aberatsenek urrezkoak bota zituzten, gutxi batzuk. Hortik dator San Martin eta bere urrezko kanpaiarena", eman du azalpena historialariak. Aurten herritarrek San Martin ermitan kanpaia jotzeko aukerarik izango ez dutenez, etxetik balkoietatik joko ote dute azkoitiarrek? 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide