Iosu Bastida: "Texasen errepublikarrak dira faboritoak, baina demokratek irabazteko aukera dute"

Nerea Uranga 2020ko aza. 3a, 11:00
Iosu Bastida.

Iosu Bastidak (Azkoitia, 1977) sei urte daramatza Houstongo Cypress (Texas, AEB) herrian bizitzen. Lanera joan zen hara familiarekin batera, eta "gustura" bizi da. Gaur egingo dira AEBetako hauteskundeak, eta bi dira presidentetzarako hautagaiak: Donald Trump errepublikarra eta Joe Biden demokrata. Azkoitiarrak ez ditu hauek AEBetan bizi dituen aurreneko hauteskundeak, duela lau urte ere han zegoelako. Maxixatzenek eskatuta, bozak nola bizi dituen azaldu du Bastidak.

Orain dela bost urte, 2014ko abenduan, joan zinen bizitzera Houstongo Cypress herrira, lanera. Familia eta guzti. Petrolio eta gas sektorerako lan egiten duen enpresa batean ari zara lanean, ezta? Gustura?

Bai, Ulma enpresarekin etorri ginen Houstonera, eta gustura gaude hemen. Jende jatorra topatu dugu.

Zer giro dago hor hauteskundeen atarian?

Momentu honetan ez dago besterik telebistan, irratian eta Interneten. 2016ko hauteskundeak ere hemen bizi izan nituen, eta askoz ere lasaiagoak izan ziren.

Nola bizi izan duzue hauteskunde kanpaina?

Pertsonalki beti gustatu izan zait politika, eta dezente jarraitu dut. Gainera, bertako lagunei ere gaia ateratzen saiatzen naiz, bi aldeetako jendearekin hitz egiteko.

Bi hautagai iritsi dira bozetako azken txanpara: Joe Biden eta Donald Trump. Nolakoak direla esango zenuke?

Joe Biden 47 urtean dabil politikan. AEBetako presidenteordea izandakoa da, eta alderdi demokrataren barruan moderatua dela esango nuke. Bestalde, Donald Trump… Ez da erreza gizon hori definitzea.

Biak adinean aurrera eginak dira. Presidentea adinekoa izango dela argi dago. Nola baloratzen duzu hori?

Asko kritikatu izan da hori hemen. Bernie Sanders, Joe Bidenekin primariatan borrokatu zen hautagaia, oraindik eta zaharragoa da. Jendeak aurpegi berriak eta gazteagoak nahi ditu.

Zer alde dago errepublikarren eta demokraten aldean?

Errepublikarrak kontsearbadoreagoak dira eta demokratak liberalagoak. Kasu batzuetan, batez ere gai sozialetan, desberdintasun handiak dituzte. AEB oso herria handia da, eta estatuak oso desberdinak dira politikoki beren artean. Horrekin esan nahi dut, alderdi berekoak izan arren, desberdintasun handiak egon daitezkeela politikari baten edo bestearen artean.

Trump da liderra Texasen galdeketen arabera. Hala izango dela uste al duzu?

1976. urtean John Carterrek irabazi zuenetik, errepublikar garbia izan da beti Texas; hemen deitzen zaion bezela, estatu gorria. Hauteskunde hauetan ez dago garbi, eta inkestetan berdinketa ari dira ematen. Hori bera albiste handia da. Errepublikarrek Texas galtzen badute, azken urteetako albiste politiko handienetakoa izango da. Baita Jon Bidenek menderatu egin duenaren ondorioa ere, Texasek baititu Californiaren atzetik ordezkari politiko gehien. Ez nago ziur zer gertauko den Texasen, errepublikarrak dira faboritoak, baina demokratek irabazteko aukera dute.

Ameriketako Estatu Batuetan, inkestak ez daude garbi. Zer gertatuko dela uste duzu?

Inkesta guztien arabera, Joe Bidenek irabaziko duela dirudi. Estatu gutxi batzutan dago lehia, baina inkestak 2016an baino garbiakoak direla ematen dute. Nire ustez, Joe Bidenek irabaziko du oraingoan. Senatua, Kongresua eta hauteskunde lokalak bozkatuko dira, eta horiek oso garrantzitsuak dira, boterea oso sakabanatuta baitago. Adibidez, Joe Bidenek presidentzia irabazten badu, baina Senatua ez, asko mugatuko da bere politika.

Zenbaitek diote Trumpek hauteskundeak galtzen baditu ez dituela emaitzak onartuko. Hori gertatzea posible dela uste al duzu?

Hauteskundeak egin eta presidentea baieztatzen denera arte egun asko daude, 79 egun gutxi gorabehera. Urtarrilean izaten da zeremonia Washington DCn. Emaitzak parekoak badira eta posta bidezko botoen zain egon behar bada, zurrunbilo handia espero dut; demokratek tranpa egin dutela esango du Trumpek.

Trumpek legealdi bat egin du AEBetako presidente karguan. Zer balorazio egiten duzu egin duen lanaz?

Ondo landu dituela iruditzen zait ekonomia, gutxiengoarentzako oso positiboa izan den erreforma kriminala eta ekialde erdiko politika. Bestalde, oso gaizki ibili da COVID-19aren eta George Floyden hilketaren erantzunean. Arrazoi horiengatik hauteskundeak galdu egingo dituela uste dut. Bere portaera ere askotan ez da izan oso presidentziala.

Koronabirusaren krisialdiaren erdian iritsi dira hauteskundeak. Zer moduz zaudete pandemiari dagokionean?

Kasuak goraka doazela ematen du berriz ere, eta orain neurri gogorragoak hartuko dituztela esaten hasi dira. Une honetan hemen egoera ez dago horren gaizki.

Nola eragin dizue COVID-19ak egunerokoan?

Hor bezala, maskara jantzi beharra dago; toki batzuetan gomendagarria da, ez da derrigorrezkoa. Eskoletan eta umeen aktibitateetan ere neurriak hartu dituzte. Etxean eta jatetxean elkartzen da jendea hemen normalean, eta hori aldatu egin da. Euskal Herrian baino sakabanatuago bizi gara, eta errazagoa da distantziak mantentzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide