Hogei positibo berri zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean Azkoitian

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 2a, 13:39

Aurreko asteburuarekin alderatuta, azken hiru egunetan hemezortzi pertsona gutxiagok eman dute positibo PCR probetan. Halere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa altua du oraindik Azkoitiak: 1.201,10ekoa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman berri ditu ostiraleko, larunbateko eta igandeko PCR eta antigeno proben datuak. Urola Kosta eskualdean denera 171 kasu positibo atzeman dituzte hiru egunetan, eta aurreko asteburuarekin alderatuta, datuak apalagoak dira oraingoan, orduan 194 positibo izan baitziren. 

Azkoitian hogei positibo egon dira guztira azken hiru egunetan (aurreko asteburuan 38 izan ziren); beraz, nabarmen jaitsi da positiboen kopurua aurreko asteburuarekin alderatuta. Hala eta guztiz ere, asteburuan Osakidetzak ez du zehazten herrika zenbat PCR proba egiten dituen, eta bestalde, 100.000 biztanleko 14 egunetako intzidentzia tasa 1.201,10ekoa da oraindik herrian. Beraz, PCR probetan positibo eman dutenen tasa altua da oraindik Azkoitian.

Bestalde, Azpeitian 31 positibo berri egon dira azken hiru egunetan, gehienak ostiralean (24), eta intzidentzia altua du oraindik; 1.521,09ekoa, hain zuzen. Hala, gorriz margotuta jarraitzen dute Azkoitiak eta Azpeitiak, Zumaiarekin eta Zarautzekin batera. Asteburu honi dagokionez, eskualdeko positibo gehienak Zarautzen atzeman dituzte, 52, eta hala, gainditu egin du 100.000 biztanleko 500 positiboren tasaren langa. Tasa altuena, alde handiarekin, ordea, Zumaiak dauka oraindik. 36 positibo egon dira asteburuan herri horretan, eta intzidentzia tasa 1.954,20koa da.

Eskualdeko gainerako herriei dagokienez, Aian bost positibo atzeman ditu Osakidetzak asteburuan, Aizarnazabalen hiru, Errezilen bi, Getarian bederatzi, Orion zazpi, eta Zestoan sei. Beizaman ez dute oraindik koronabirus kasurik atzeman.

Positiboek, behera

Hego Euskal Herrian ere behera egin zuen atzo positiboen kopuruak. Ostiralean PCR eta antigeno proba gauzatu zuten herritarren %8,7k eman zuten positibo, zapatuan %9,3k eta igandean %6,9k. Beraz, nabarmena da positibo kopuruaren jaitsiera, baina ezin da zehaztu joera edo salbuespena den.

Gipuzkoan atzo 368 zenbatu zituzten –larunbatean 587–, Bizkaian 520 eta Araban 64. Hiru lurraldeetako datuak batuta, 12.452 test egin eta 952 kasu zenbatu zituzten, eta beraz, positiboen beheranzko joera izan azken orduetan. Izan ere, larunbatean 1.151 kasu atzeman zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 525 kasu berri zenbatu zituzten atzo, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Larunbatean 580 kasu atzeman zituzten, eta egoerak oso larria izaten jarraitzen du lurralde horretan.

Ospitaleetako egoeran ere jarri beharra dago azpiarra. Izan ere, azken egunetan asko hazi da ospitaleratzeen kopurua. Aurreko igandean 392 pertsona bazeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta atzo 469. ZIUn, berriz, 76tik 104ra igo dira astebeteko epean zerbitzu hori behar izan duten pertsonen zenbatekoa. Nafarroakoako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak argitaratu oraindik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide