"Beharrezkoa da emakume langileon bizi baldintzak hobetzeko borrokak martxan jartzea, eta horretara gatoz"

Anartz Izagirre 2020ko aza. 2a, 09:00
Alaitz Kerejeta, Enetz Izeta eta Maite Acedo. (Anartz Izagirre)

Gaitasunak antolatu lelopean, Urola Erdiko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialista aurkeztu zuten atzo, igandea, Azkoitiko Matadeixen. Duela bi urte sortu zen emakume sozialisten sarea; antolakunde izaera hartu dute orain, eta eskualdez eskualde antolatzen hasi dira. Alaitz Kerejeta (Azpeitia, 1998), Maite Acedo (Azkoitia, 1998) eta Enetz Izeta (Zestoa, 2002) dira Urola Erdiko Itaiako kideetako hiru. Orain artekoaz eta etorkizuneko erronkez aritu dira Maxixatzenekin.

Duela bi urte sortu zen Itaia. Zein testuingurutan sortu zen taldea, eta zergatik?

Enetz: Testuinguruan hartan genero auzia lantzeko orduan hainbat gabezia identifikatu ziren, eta horregatik egin zen emakume langileon problematika mahaigaineratzeko hautua. Genero problematika lantzerakoan klase izaera eta ikuskera integrala falta zirela ikusi zen, eta ideia horiek sozializatzeko blog bat sortu zen: Itaia

Maite: Gabezia horren aurrean, azken bi urteetan teorizazio prozesua egin dugu, garai honetan emakume langileok eta langile klaseak sufritzen duten despolitizazio prozesuan baldintza errealak jartzea helburu duena.

Emakume langileen problematikari panorama politikoan lekua egiteko nahia azpimarratzen duzue zuen aurkezpenean.

Alaitz: Dudarik gabe emakumea zapaldutako subjektu izateak sistema kapitalistan funtzio garrantzitsua betetzen du, eta panorama politikoan garrantzia handia duen auzia da. Gaur egungo krisialdiak emakume langileongan egundoko eragin soziala izango du, eta gure bizi baldintzak kaskartzen ari direla ikusten ari gara. Testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zaigu prozesu sozialistari ekarpena egitea eta emakume langileon antolakuntza sustatzea.

Emakume langileek jasaten dituzten zapalkuntza zehatzak identifikatzearen beharra ere aipatzen duzue.

A: Emakume langileok jasaten dugun genero zapalkuntza gure egunerokotasunean forma ugaritan azaleratzen da. Horren adibide dira gutxi kobratzen duten garbitzaileak, etxeko lanetatik askatu ezin duten amak, gizonarekiko dependentzia ekonomikoa dutenak, festa giroan erasotuak izaten direnak edota haurdun egoteagatik lanetik bota dezaketen emakumea, besteak beste. Zapalkuntza fenomenoak asko dira, eta beharrezkoa da horiek identifikatzea, baina ezin dugu pentsatu zapalkuntza horiek ausaz ematen direnik. Beharrezkoa da zapalkuntza forma horien atzean dagoena aztertzea, sistema kapitalistan betetzen dituzten funtzioak identifikatzea eta zapalkuntza horiei aurre egiteko bitarteko politikoak garatzea.

Zapalkuntza fenomeno horien guztien atzean, beraz, sistema kapitalista dago?

A: Bai, aurretik esan bezala egunerokotasunean jasaten ditugun zapalkuntza fenomeno horiek funtzio jakin batzuk betetzen dituzte sistema kapitalistan; eta, beraz, funtzio horiek aztertzea ezinbestekoa da.

Emakume sozialisten sare moduan sortu zineten, eta antolakunde izaera hartu duzue orain. Zer aldatu da hasi zinetenetik hona?

A: Itaia sortu zenean lan ideologikoari eman zitzaion garrantzia, momentu horretan beharra baitzegoen eztabaida ezberdinak mahaigaineratzeko eta genero auzian klase ikuspegia zabaltzeko. Orain, egoera ekonomikoak sorturiko testuinguruak eta horri aurre egiteko mahaigaineratu diren proposamenetan ikusten ditugun hutsuneek, ordea, antolakuntza politikora salto egiteko urgentzia markatu digute. Beraz, eskualdez eskualde batzeko eta antolatzeko hautua egin dugu.

Zergatik hartu duzue erabaki hori?

A: Egoeraren gordintasunak eskualdez eskualde antolatzeko beharra mahaigaineratu duelako. Garai zailak datoz, eta inoiz baino beharrezkoagoa izango da ditugun gaitasunak eta indarrak antolatzea, eta hitzetatik ekintzetara igarotzea.

Zein dira Urola Erdian detektatu dituzuen hutsuneak eta erronkak?

M: Eguneroko testuingurua okertzen ari den heinean, emakume langileok egunetik egunera egoera zaurgarriago batean gaudela ikusten dugu. Bestalde, antolakuntza politikorako gero eta muga gehiago ditugu, gure askatasun politikoak urratzen ari dira uneoro. Egoera honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dugu antolatzea eta beraz, eskualde mailan dauden gabeziak identifikatzen joango gara. Beharrezkoa da emakume langileon bizi baldintzak hobetzeko borrokak martxan jartzea, eta horretara gatoz.

Pandemiak hankaz gora jarri du gizartea, eta eragina izan du denon bizitzetan. Zein da Itaiak egoeraren inguruan egiten duen irakurketa orokorra?

M: Gure eskubideen inguruan hainbeste hitz egiten den gizarte honetan, badirudi batzuei ahaztu egin zaiela oinarrizko ideia bat: oinarrizko eskubide batzuk ezin dira ezabatu eta absolutuak dira, eta horien gabezian, boterearen arbitrariotasunaren esku geratzen da jendartea. Horri lotuta, COVID-19aren harira hartu dituzten azken neurriek argi erakusten dute osasunaren izenean oinarrizko eskubideak eta askatasunak urratu direla: biltzeko askatasuna, mugikortasuna bere osotasunean... Modu berean, lan eta ikasketa esparruan ez da bestelako neurririk hartu. Argi ikusten da burgesia ez dela pandemia kudeatzen ari, krisi ekonomikoa baizik. Momentu honetan ezin dute soldatapeko lan horren dinamika eten, eta neurri horien aurrean kalera ateratzea beharrezkoa da gure eskubideen alde borrokatzeko, bai mugimendu sozialistatik, bai Itaiako kideon partetik ere. Pandemia honek ondorio sozial larriak ekarriko ditu, eta emakume langileok modu askoz bortitzagoan jasango ditugu krisi honen ondorioak, subjektu debaluatua garelako. Antolakuntza politikoa ezinbestekoa da egoera honen aurrean.

Euskal Herriko Emakume Sozialisten Topaketak egin zenituzten joan zen abenduan Azpeitian. Zein ondorio atera zenituzten topaketa horietan?

E: Bi izan ziren topaketa horien helburu nagusiak; batetik, komunitatea eratzea, eta bestetik, tesi politiko ezberdinen inguruko eztabaida sortzea. 150 emakume inguru bildu ginen Esklabetan, eta gai ezberdinak lantzeko aukera izan genuen: hipersexualizazioa, jai eredua, militantzia eredua eta hemendik aurrerako erronkak. Horrelako espazioak beharrezkoak dira komunitatea indartzeko.

Klase feminismoa eta emakume langileen borroka aipatzen dituzue sarritan zuen artikuluetan. Zein berezitasun ditu Itaiak beste talde feminista batzuekin alderatuta?

M: Itaia bere horretan antolakunde sozialista da, eta horrek esan nahi duena da antolakuntza politiko sozialistaren hautua egiten duela. Alde batetik, genero zapalkuntza sistema kapitalistaren barruan kokatzen du Itaiak eta, bestetik, emakume langilea hartzen du subjektu politiko bezala. Orduan, esan genezake gure estrategia zentzu horretan beste talde feministekin alderatuta ezberdina dela. Orain arte mugimendu feministan emakume unibertsala hartu izan da subjektu bezala; horren adibide dugu azken urteetan asko gailendu den ahizpatasun unibertsalaren kontzeptua, bertan barnebiltzen dira emakume ororen arteko sareak eta lan egiteko modu estrategikoak. Guk, ordea, emakume langileon askapenerako borroka klase independentziaren barruan kokatzen dugu. Desberdinak dira emakume langile batek dituen interesak zein helburuak edota esplotazioaren bidez aberasten den emakume burgesarenak; ez dira desberdinak bakarrik, bateraezinak dira.

Eta osasuntsu ikusten al duzue klase feminismoa Urola Erdiko herrietan?

E: Mugimendu sozialista indartsu dagoela esango genuke gure eskualdean, eta Urola Erdiko Itaian ere hori islatzen da. Klase feminismoa geroz eta hedatuago dagoela iruditzen zaigu, eta interes handia pizten du inguruan. Oso pozgarria da hori. Emakume langileon emantzipaziora bidean ekarpena egitera etorri da Urola Erdiko Itaia, eta norabide horretan egingo dugu lan, indartsu eta gogoz.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide