Euskaraldia 2020

Euskaraldiaren banderatxoak leihoetan eta balkoietan jartzera deitu dituzte herritarrak eta entitateak

Banderatxoak Topagunearen bidez, Euskaraldiaren online dendan edo Eroski saltokietan eskura daitezke bost euroren trukean. Ekarpen hori "krisiaren eraginez arriskuan" dauden euskararen aldeko egitasmoei eusteko eta euskararentzat "estrategikoak" diren bestelako ekimenetarako baliabideak eskuratzeko izango da.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da aurtengo Euskaraldia, eta aste gutxiren faltan, Euskaltzaleen Topaguneak proposamen zehatza plazaratu die herritarrei nahiz entitateei: banderatxoak jartzea leihoetan eta balkoietan, nola etxeetan, nahiz eraikin publikoetan, enpresetan, elkarteetan eta bestelako tokietan. Zertarako? Bada, Euskaraldia "ikusgarriago" egiteko, eta, bide batez, "euskaltzaleen mugimendua baliabidez indartzeko".

Bost euroren trukean eros daitezke banderatxoak, eta ekarpen hori "krisiaren eraginez arriskuan" dauden euskararen aldeko egitasmoei eusteko izango da, baita euskararentzat "estrategikoak" diren bestelako ekimenetarako baliabideak eskuratzeko ere.

Banderatxoak eskuratzeko hainbat bide eta modu daude, eskatzen den kopuruaren arabera:

  • Hamar banderatxo edo gehiago eskatzeko: telefonoz (699 42 34 91) edo korreo elektronikoz egin daiteke eskaera, sonia@topagunea.eus helbidera idatzita.
  • Banaka edo lote txikiagoetan erosteko: Euskaraldiaren online dendan edo Eroski saltokietan eskura daitezke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide