38 kasu positibo detektatu ditu Osasun Sailak Azkoitian azken hiru egunetan

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 26a, 13:21

Positiboen kopuruak gorantz jarraitzen du eskualdean ere. 194 kasu zenbatu dira eskualdean ostiraletik igandera bitartean, eta Urola Kostako hamar herritan zenbatu dituzte kasu positiboak, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Osasun Sailak Azkoitian beste 38 kasu positibo baieztatu ditu. Azken hiru egunetako datuak argitaratu ditu gaur, astelehena. Datuen arabera, ostiralean zortzi lagunek eman zuten positibo, larunbatean hogeik eta atzo, igandea, hamar herritarrek. Kasu horiekin guztiekin, 200 kasu positiboko langa gainditu du Azkoitiak urrian; zehazki 231 herritarrek eman dute positibo oraingoz hil honetan. Azken zazpi egunetan, berriz, 84 kasu hauteman ditu Osasun Sailak herrian.

Martxotik irailera arteko kasu positibo guztiak baino gehiago baieztatu ditu Azkoitian Osasun Sailak dagoeneko urrian. Gaitza herrian agertu zenez geroztik, berriz, 420 azkoitiarrek eman dute positibo PCR proban, hau da, herritarren %3,5ak. Intzidentzia tasa, berriz, 1176,08koa da herrian, eta gaur-gaurkoz oraindik ere goranzko joera dute kasuek. 

Eskualdean, kasuak gora

Urola Kostak pandemiaren bigarren olatuan murgilduta jarraitzen du, eta zenbakiak kezkagarriak dira beste behin. Asteburuan, guztira, eskualdeko 194 lagunek eman dute positibo PCR probetan. Azkoitiko 38 positiboez gain, Azpeitian 58, Zumaian 46 eta Zarautzen 26 detektatu dituzte. 

Eskualdeko beste sei herritan ere zenbatu dituzte positiboak asteburuan: Zestoan zazpi, Errezilen eta Getarian seina, Orion hiru, Aian bi eta Aizarnazabalen bat. Beizama da kasurik izan ez duen eskualdeko herri bakarra.

Zarautzen nabarmen egin du gora positiboen kopuruak, eta Errezilen ere kasu ugari ari dira zenbatzen azken egunetan. Zumaian, berriz, gaur hasiko dira baheketa selektiboa egiten.

Hego Euskal Herriko datuak

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, ostiralean zenbatu zuten positibo gehien. 1.210 izan ziren, guztira, hiru lurraldeotan: gehienak, eta aldearekin, Gipuzkoan (613), Bizkaian 445 eta Araban 137. Egun horretan bertan egin zituzten PCR proba gehien, 13.892. Larunbatean 11.050 proba egin zituzten hiru lurraldeetan, eta positiboak 1.012 izan ziren (Gipuzkoan 458, Bizkaian 449 eta Araban 99). Atzo, berriz, 10.580 PCR proba egin zituzten, eta positiboa 940 izan ziren: Gipuzkoan 381, Bizkaian 477 eta Araban 67).

Lurraldeetako datuei so eginez, Araban positibo kopuruek beherantz egin dute, bai eta Gipuzkoan ere, ostiraletik igandera. Bizkaian antzerako datuak eman dira hiru egun horietan. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi ez direnen beste 36 positibo izan dira ostiraletik atzora. 

Ospitaleratzeei dagokienez, 76 lagun zeuden atzo herrialde horietako ospitaleetako ZIUetan, ostegunean baino zazpi gehiago. Larunbateko datuen arabera (igandeko daturik ez du eman Osakidetzak), 351 lagun daude gaur egun ospitaleratuta COVID-19arekin lotutako gaixotasunekin. 

Nafarroak 501 COVID-19 kasu berri erregistratu zituen igandean hau da, aurreko egunean baino nabarmen gutxiago, nahiz eta oso kopuru kezkagarria izan oraindik ere. Izan ere, larunbatean 698 positibo izan ziren, inoiz baino gehiago.

Igandean 3.167 PCR proba eta antigenoen test egin ziren Nafarroan eta positibo tasa % 15,8koa izan zen, hau da, 501 kasu, foru gobernuak emandako datuen arabera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide