459 positibo berri detektatu dituzte Gipuzkoan, herenegun baino 161 gutxiago

Dorleta Agiriano 2020ko urr. 25a, 13:31

11.088 PCR proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 1.807 gutxiago. Atzo ere Gipuzkoan atzeman zituzten positibo gehien, hain zuzen, 459.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 11.088 proba –PCR probak eta antigeno probak– egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 1.012 izan ziren emaitza positiboak. Herenegun, 12.895 proba eginda (1.807 gehiago), 1.212 positibo detektatu zituzten (200 gehiago).

Beste behin ere, atzo Gipuzkoan atzeman zituzten kasu berri gehien: 459. Herenegun, 620 izan ziren lurralde horretan. Hala, une honetan, Gipuzkoako datuetatik hurbilago dago Bizkaia, atzetik jarraitzen baitio alde txikiarekin: atzoko probetan 443 pertsonak eman zuten positibo. Araba, aldiz, 100eko langatik jaitsi da: 99 positibo detektatu zituzten atzo. Osasun Sailak zenbatu dituen gainontzeko 11 positiboak beste erkidego batzuetako biztanleak dira.

Erietxeei dagokienez, atzokoan 36 pertsona ospitaleratu zituzten, herenegun baino 25 gutxiago. Egun, Zainketa Intentsiboetako Unitatean daude COVID-19ak jotako 74 pertsona.

Osasun Sailak bihar argitaratuko ditu udalerriei dagozkien datu zehatzak, baita intzidentzia tasak ere.

Nafarroan, bestalde, koronabirusa atzemateko 3.332 proba egin zituzten atzo. 706 positibo topatu zituzten (%21,2).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide