Anaitasunak ostegunean ezagutuko du Errege Kopako aurkaria

Andoni Elduaien 2020ko urr. 25a, 14:00
Urgatziren aurka Txerloian jokatutako neurketako irudi bat.

'Streaming' bidez jarraitu ahal izango da zozketa Espainiako Futbol Federazioaren kanalean. C.D. Ribadiuma, Real Titanico, C.D. Revilla, Racing Rioja edota C.D. Colegios Diocesanos, talde horietako bat izango da Anaitasunaren aurkaria.

Datorren ostegunean, urriak 29, ezagutuko du Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Errege Kopako hurrengo aurkaria. 13:00etan egingo dute zozketa Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da federazioaren kanalen bidez.

Anaitasunaren aurkaria A multzotik aterako dute. Espainiako Futbol Federazioak kluben arteko gertutasuna hartu du kontuan multzoak osatzerako orduan. Hori horrela, Galiziako C.D. Ribadiuma, Asturiasko Real Titanico, Kantabriako C.D. Revilla, Errioxako Racing Rioja edota Gaztela eta Leongo C.D. Colegios Diocesanos, horietako bat izango da Anaitasunak bidetik kendu beharko duen harria. 

Zozketa multzoka egingo dute, eta Anaitasunaren multzoan sei talde daudenez, hiru parekatze egingo dituzte. Hiru partida zozketatuko dituzte eta parekatze bakoitzean lehena ateratako taldearen etxean jokatuko dituzte neurketak; hau da, parekatzean Anaitasunaren izena ateratzen badute lehena, Txerloian jokatuko dute gorrixek. Aldiz, parekatzean Anaitasunaren izena bigarren ateratzen badute, etxetik kanpo jokatu beharko dut mutilek.

Neurketa hori azaroaren 11n, asteazkena, jokatu beharko dute Xabier Artetxeren mutilek. Atariko partida hori irabaziz gero, berriz, Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketako partida jokatuko du Anaitasunak Txerloian, Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka. 

Berdinketa Durangon

Bien bitartean, Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak atzo, larunbata, Durangon jokatu zuen Hirugarren Mailako bigarren jardunaldiko neurketa. Joan den astean Soduperen aurka berdindu ondoren, baja eta hutsune askorekin egin zion aurre Cultural Durangori, baina gorrixek puntua urratu zuten Tabira zelaian. Une gozoan den Ander Arabaolaza aurrelariak aurretik jarri zuen Anaitasuna 37. minutuan penaltitik egindako gol bati esker.

Bigarren zatian, ordea, etxekoek laster irauli zuten markagailua. 52. minutuan egin zuten banakoa bizkaitarrek, eta 56. minutuan bi eta batekoa. Anaitasuna, ordea, ez zen kikildu, eta lesiotik errekuperatu berri den Mikel Arzalluzek binakoa egin zuen neurketa amaitzeko hamahiru minutu falta zirenean. Lehen bi jardunaldietan bi puntu batu ditu Xabier Artetxeren taldeak, eta datorren asteburuan Arabako Ariznabarra taldea jasoko dute Txerloian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide