Javier Beristainen argazki bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren datorren urteko egutegian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 25a, 10:28
Beristain, goian, ezkerretik bigarrena. (Argazkia: aldundia)

Aldundiaren 2021. urteko uztaileko orrian jarriko dute Beristain argazkilari azkoitiarrak lehiaketara aurkeztutako argazkia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean antolatzen du urtero datorren urteko aldundiaren egutegia osatzeko lehiaketa, eta Javier Beristain argazkilari azkoitiarrarak aurkeztutako argazki bat hautatu du aldundiak. 2021. urteko aldundiaren egutegiko uztaileko orrikoa izango da Beristainen argazkia. Guztira, 1.115 argazki aurkeztu dira lehiaketara.

Lehiaketarako aldundiak aukeratutako gaia Gipuzkoako turismoa izan da, eta aurkeztu diren lanen bitartez, "lurraldeko turismoa, altxor naturalak eta biodibertsitatea balioan jartzen duen" egutegia osatu nahi izan du aldundiak. Imanol Lasa Turismoko diputatuak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta, aldundia "lurraldean turismoa suspertzearen alde" eta "sektore ekonomiko honetako jarduera dinamizatzearen alde" ari da lanean.

Aldundiaren eta Argazkilari Elkarteen ordezkariek osatutako batzordeak aukeratu ditu hamahiru argazki irabazleak, eta baloratu dituzten arloen artean daude irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten erlazioa. 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute lehiaketan, eta gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide