Azpeitiko eta Bergarako Musika Eskoletako ikasleek itxi dute Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXI. Zikloa

Andoni Elduaien 2020ko urr. 25a, 08:02

Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletako hiru organo-jotzailek parte hartu zuten zikloko azken emanaldian.

Azpeitiko eta Bergarako Musika Eskoletako organo ikasleek itxi zuten atzo, zapatua, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXI. Zikloa Azkoitian. Organoan aritu ziren Anaitz Lizartza, Itxaso Alberdi organo-jotzaile azkoitiarra eta Leo Joaristi. Bach, Franck, Saint-Saens, Boellman eta Messiaen konpositoreen obrak interpretatu zituzten. Lizartzak 3. korala La txikian eskaini zuen. Alberdi azkoitiarrak Suite gothique jo zuen eta Joaristik Dieu parmi nous.

Aurtengo edizioaren baitan eskaini duten egitarauko laugarren eta azken kontzertua izan zen atzokoa, beraz. Ana Belen Garcia organo-jotzaileak eta Easoko emakumeen eta kapera gregorianistako koruen ahotsek hartu zuten parrokia zikloko lehen emanaldian. Bigarren saioan, berriz, Oscar Candendo organo-jotzaileak eta Ana Otxoa sopranoak bete zuten musikaz Azkoitiko parrokia. Joan den astean, berriz, Przemyslaw Kapitula organistak kontzertua eskaini zuen parrokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide