Jose Ramon Aranbarri: "Gizartearen jokaera tarteko, ez dut uste birusaren transmisioa saihestu dezakegunik"

Andoni Elduaien 2020ko urr. 25a, 10:24
Jose Ramon Aranbarri. (Argazkia: utzitakoa)

Jose Ramon Aranbarri (Azkoitia, 1964) Osasun Saileko ikuskatzailea da Debabarrenean. Eibarren egiten du lan zehazki, eta azkoitiarra kezkatuta dago gaitza bigarren agerraldi honetan hartzen ari den joerarekin. Osasun Sailak datozen hilabeteetarako dituen aurreikuspenen inguruan hitz egin du Aranbarrik Maxixatzenekin. Azkoitiko egoera ere aztertu du puntu batean.

Osasun Saileko zein arlotan lan egiten duzu?

Osasun Saileko ikuskatzailea naiz Debabarrenean, eta Eibarko [Gipuzkoa] anbulatorioan egiten dut lan. Ikuskatzaile bana gaude Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bakoitzean; hau da, ospitaleek eta anbulatorioek bat egiten duten ingurunean. Adibidez, Azkoitiko anbulatorioak erreferentzia gisa Zumarragako Ospitalea du. Zumarragako ESIak inguruko osasun zentro guztiak hartzen ditu bere barnean, eta han ere ikuskatzaile bat dago. Nire egitekoa bera da, baina Eibarren. 

Sendagileekin harreman zuzena duzunez, zein da haien egoera pandemiaren bigarren agerraldiaren aurrean?

Lehen mailako edo familiako medikuekin dut harreman zuzena. Sendagileak lanpetuta ikusten ditut; COVID-19aren aurrean, buru-belarri lanean. Lehen agerraldia zerbait berria izan zen, ezustekoa izan zen hasieran. Gaur egun osasun arloa larrituta dago, batez ere guztia COVID-19aren inguruan dagoelako zentratuta. Osasun zentro guztietan irailaren amaierara arte sarrera murriztuta egon da; hau da, aurretik deitu behar zen hitzordua hartzeko, ordua hartu gabe ezin baitzen anbulatorioetara joan. Orain hori lasaitu egin da, baina sendagileak egoerarekin larrituta ikusten ditut. 

Osasun langileak bitarteko gehiago ari dira eskatzen, ezta? 

Baliabide gehiago ari dira eskatzen osasun langileak. Osasun zentro batean zazpi langile bazeuden, adibidez, udan batez beste lau egon dira langile guztiek lehen egiten zuten lana egiten. Eta ezin izan da besterik egin, medikuak, erizainak eta osasun zentroko pertsona guztiak gizakiak baitira. Izan ere, medikuek eta erizainek oporrak izan dituzte, edo gaixotasun bategatik gaixo agiria hartu behar izan dute batzuek, eta besteek positibo batekin zuzeneko kontaktua izan dute. 

Nolakoa da ospitaleen eta anbulatorioen egungo egoera?

Alertan egoteko moduko egoera dago ospitaleetan eta anbulatorioetan. Hurrengo hiru hilabeteak gogorrak izango dira, eta susmoa dugu datorren urteko lehen hiruhilekoa ere bide beretik joango dela. Beldurrez daude osasun zentroetan, zer gerta daitekeen ikusteko zain egon beharko baita.

Osakidetza guztiz prest al dago bigarren agerraldiari aurre egiteko?

Tresnak jarri dira, eta esango nuke gaur duela sei hilabete baino gehiago dakigula. Orain, esperientzia gehiago dute osasungintzan, eta osasun publikoa nahikoa prestatuta ikusten dut. Ezagutza eta esperientzia gehiago dago, eta tresna gehiago eduki ditzakegu. Adibidez, bere garaian arazoak egon ziren materialarekin, maskarekin edo arnasgailuekin kasu. Gaur egun, ez da gabezia hori sumatzen.

Osasun Sailean aldatu al da lan egiteko modua pandemiaren lehen agerralditik bigarren honetara?

Protokolo batzuk jorratu dira eta horiek martxan jarri ere bai. Azkeneko asteetan protokoloak egin dira osasun-asistentzian, osasun-prestakuntzan, eta baita ezintasun iragankor egoeretan ere. Protokoloak martxan daude eta horiek eguneratzen ari gara. Lan handiena protokoloak jorratzea eta egoerara egokitzea izan da. 

Zer kezka sortzen dizkizu egungo egoerak?

Kezkarik handiena da hau nola bukatuko den ez jakitea. Gaixotasun baten aurrean gaude, eta momentuan horri aurre egiteko osasun tresnarik ez dugu; gainera, ez dakigu noiz edukiko ditugun trensa horiek. Pertsonalki, kezka handiena jendeak eragiten dit. Jendeari ez zaio sartu oraindik buruan zer egoeratan bizi garen. Oraindik ez gara jabetu birusak gizartea eta haren egoera aldatu dituela; hori da arazo handiena. Ez dago txertorik eta tratamendu batzuk eraginkorrak izan daitezke. Azken finean, ordea, geure buruak jabetu behar du tratamendua geuk izan behar dugula. Birusaren transmisioa saihestea gure esku dago, baina gizartearen jokaera tarteko, ez dut ikusten hori gerta daitekeenik. 

Zer gertatu da berriz ere duela hilabete batzuetako antzeko abiapuntura iristeko?

Aurreko erantzunarekin lotzen dut. Ekainean, politikari batzuk birusa "gainditu dugu", "pandemia saihestu dugu" eta "kurba murriztu dugu" bezalako mezuak hasi ziren ematen. Alarma egoera ekainaren 26an bukatu zen, eta orduan ezagunak eta gertukoak afariak-eta egiteko planak antolatzen hasi ziren. Alarma egoera altxatu izanak ez du esan nahi birusa joan egin denik; birusak gure artean jarraitzen du eta horrela jarraituko du. Politikarien mezu horiekin jendea erlaxatu egin da orokorrean. Apiriletik ekainera bitartean neurri batzuk betearazi zituzten; horri lotuta, niretzat tamalgarria da geure kabuz egiteko gai izan ez garelako, osasun arlotik jendea derrigortu behar izatea. Hartu genituen neurri haiengatik, ziurrenik, Azkoitian ekainean ez zen kasu bakar bat ere zenbatu, eta uztailean, berriz, bakarra baieztatu zuten. Neurriek balio izan zuten, baina horiek altxatu zituztenean, jendea erlaxatu egin zen. Gizarteak ez du kontuan eduki birusak gure artean jarraitzen duela, eta gertatu dena gertatu da: kasuen hazkundea. 

Eusko Jaurlaritzak agindu dituen neurriak nahikoak iruditzen al zaizkizu?

Neurri gogorragoak iritsiko direlakoan nago. Garbi dut, era berean, neurri gogorragoak ez dituztela jarri, juridikoki ezin izan dutelako. Alarma egoera eskatu du Urkullu lehendakariak, eta esango nuke neurri gogorragoak indarrean jartzeko egin duela eskaera. Eusko Jaurlaritzak juridikoki jar ditzazkeen neurriak jarri ditu; beste tresna juridiko batzuk behar ditu, ordea, neurri gogorragoak ezartzeko.

Urtearen amaierara bitartean nolako bilakaera hartuko du egoerak? Zein dira Osasun Sailaren aurreikuspenak?

Horrela jarraituz gero, kasuen kurba goranazkoa izango da. Neurriak hartuta, berriz, kurbak beheranzko joera hartuko du. Neurriak hartu behar dira kasuen goranzko kurba murrizteko; behar-beharrezkoak dira. Ez dut esango etxeratze agindua ezarri behar denik, baina neurri batzuk premiazkoak dira. 

Iragarri berri dituzten neurriak amaitutakoan, zer egin beharko da lehengo okerrak ez errepikatzeko?

Egoera larrian gaude, eta neurriak hartu behar dira larritasun hori murrizteko. Gero, ordea, gutako bakoitzak izan behar du kontziente. Pertsona bakoitzak bere aldetik ezer ez badu jartzen eta jarreran, portaeran nahiz egunerokoan neurriak ez baditugu betetzen, alferrikakoa izango da batzuk egindako ahalegin guztia. 

Txertoa lortu arte egun dugun bizimodu gorabeheratsua izango al dugu?

Bai. Tratamendu efektibo bat lortu arte, hau da, txertoa lortu arte, horrela izango da. Datorren urteko lehen hiruhilekoan, edo gehienera jota, bigarrenean, jendea txertatuta egoten hasiko da. 2021. urtearen erditik aurrera beste ikuspuntu batetik begiratuko diogu egoera honi, baina hori gertatu arte egungo egoera bizitzen jarraitu beharko dugu. 

Azkoitiko egoerari erreparatuko diogu orain. Herrian kasuek nabarmen egin dute gora irailean eta urrian. Zergatik izan daiteke?

Dirudienez, andramaixek ez dute eragin handirik izan herrian. Abuztu osoan 41 kasu positibo atzeman zituzten, eta horietatik 29 abuztuaren 16tik irailaren 2ra bitartean. Aldiz, haurrak irailaren 7an hasi ziren eskolan. Ordura arte zortzi kasu hauteman zituzten, eta hortik aurrera beste guztiak; irailean, 125 kasu atzeman zituen Osasun Sailak Azkoitian. Inkubazio periodoa normalean hamalau egunekoa izaten da. Badakigu zazpigarren egunean sintomarik ez bada agertzen, gerora horiek agertzea zaila dela. Baina kasu batzuetan, hamalau-hamabost egunera agertu dira sintomak. Normalean, %86,5ean, sintomak lehen egunetan hasten dira.

Niretzat Azkoitian eragina izan du umeak eskolan hasteak. Andramaixen ondoren herritarrak oporretan kanpora joan dira, eta bueltan birusarekin etorri dira; horri, gainera, eskolen hasiera gehitu behar zaio. Horrek guztiak eragin du niretzat kasuen hazkundea Azkoitian, irailean, oro har, hori sumatu baita. Egungo estatistiken arabera, kutsatutako pertsona bakoitzak bi pertsona kutsa ditzake. Kasuaren eta egoeraren arabera, ordea, sei edo zazpi pertsona ere kutsa ditzake. Gainera, Azkoitiko kurba hazten ari da. Urriko 24 egunetan irailean eta abuztuan baino kasu gehiago zenbatu dituzte herrian; urrian 193 kasu zenbatu dituzte orain arte. 

Amaitzeko, zer esango zenioke gaitza gertuan ezagutu ez duenari?

Ez dela txantxetako gauza bat. Gaixotasun bat da, mundu guztian milioi bat pertsona baino gehiagoren heriotza eragin duena. Birus baten aurrean gaude, heriotza asko eragiten dituen gaixotasun baten aurrean. Oraindik ez dakigu gaixotasuna pasatu duen pertsona baten gorputzean birusak zer eragin izango duen. Gehienek erraz pasatuko dute; gehienek sintomarik gabe, eta beste batzuek sintoma gutxi batzuekin. Halere, badago oso gaizki pasatu duten pertsonen ehuneko bat, baita hil direnen beste bat ere. Kontuz ibili behar dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide