Positiboen bi hegietatik

Ihintza Elustondo eta Andoni Elduaien 2020ko urr. 26a, 10:23

380 kasu positibo baino gehiago zenbatu ditu Osasun Sailak martxoaz geroztik Azkoitian. Jakina da herritar batzuek positibo eman aurretik zein ondoren ez dutela sintomatik eduki, eta beste batzuek sintoma gutxi batzuk bakarrik eduki dituztela. Badira, ordea, gaixotasunari gogor aurre egin behar izan dioten herritarrak ere. Lukas Olaizolak eta Aitor Diezek positibo eman dute, baina bataren eta bestearen egoerek ez dute zer ikusirik izan.

Lukas Olaizola (Azpeitia, 1967) Azkoitiko bizilaguna COVID-19agatik Zumarragako eta Donostiako ospitaleetan egon zen udan. Sukarra eta buruko mina une oro zituenez, abuztuaren 14an Zumarragako Ospitalera joatera erabaki zuen. Han, pneumonia atzeman zioten, eta ordutik aurrera, egun benetan latzak pasatu zituen. Horrela kontatu du jazotakoa:

Lukas Olaizola: "Medikuek ni intubatu edo ez zalantzak izan zituzten"

"Abuztuaren 12an sukarrarekin hasi nintzen, eta hurrengo egunean eman nuen positibo PCR proban. Emaztearen aldeko familiatik etorri zen gurera gaitza. Emazteak nabaritu zuen zerbait lehenengo, eta, gero, ni ere sukarrarekin hasi nintzenean, neuk ere gaitza izan nezakeela ohartu nintzen. 

Positibo eman nuenean, sukarra ezin jaitsita ibili nintzen; horrekin batera, sekulako buruko mina izan nuen. Pilulak hartzen ibili nintzen zortzi ordutik behin. Andramari bezperan inoiz baino hobeto esnatu nintzen, eta neure artean pentsatzen nuen ondo nengoela. Eguerdi aldean, ordea, egundoko buruko mina hasi zitzaidan berriz ere, eta sukarra ere banuen. Buruko mina desberdina zen; buru gainean nuen mina. Etxekoak bustitako zapiak buruan jartzen hasi ziren freskatzeko, baina 23:00ak aldera, egoera normala ez zela pentsatuta, semearekin batera Zumarragako Ospitalera joan nintzen. Han erradiografia egin zidaten, eta pneumonia nuela esan zidaten. Berehala ospitaleratu ninduten.

Zumarragako Ospitalean hamar egun egin nituen. Egunero esnatzen nintzen sukarrarekin eta buruko minarekin; ez zuten horiek kentzea lortzen. Sendagileek pneumonia moderatua nuela esaten zidaten Zumarragan, eta neure artean uste nuen ondo joango zela kontua. Egun batean, ordea, esan zidaten Donostiako Ospitalera eramango nindutela, hango mediku batek nire egoera zein zen ikuskatzea nahi zutelako. Egoera ona bada, oxigenoak neurgailuan 95-100 artean markatu behar izaten du, baina hurrengo egunean kolpetik 89ra jaitsi zitzaidan. Medikuak hori ikusi zuenean pneumonia larria nuela esan zidan, eta medikalizatutako anbulantzia batean Donostiako Ospitalera eraman ninduten. Donostian Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) sartu ninduten segituan.

Beste hamar egun pasatu nituen Donostian, ZIUn. Lehen egunean kendu zizkidaten buruko mina eta sukarra. Donostiara larri joan nintzen eta beste hiru egun pasa nituen egoera larrian; medikuek ni intubatu edo ez zalantzak izan zituzten. Une oro nintzen egoeraren jakitun. Egonaldia, oro har, luzea egin zitzaidan. Egunero etxekoekin telefono bidez hitz egiten nuen, orduan ez baitzegoen bisitak egiterik; txarra zen eguneko 24 orduak bakarrik pasatzea. Gerora hasi ziren kristaletik begiratuta bisitak egiteko aukera ematen; emaztea egoten zen han hamar minutuz, eta mugikor bidez hitz egiten genuen. Azkenean, medikuek ni ez intubatzea erabaki zuten, eta hurrengo egunetik aurrera, poliki-poliki, hobetzen hasi nintzen. Sendagilea bera ere harrituta gelditu zen. Erizainek-eta esaten zidaten sekulako zortea izan nuela, han zeuden gaixo guztiak intubatuta zeudelako. 

ZIUtik atera ondoren, ospitaleko gela arrunt batera eraman ninduten. Medikuek ikusi ninduten, eta ZIUtik ateratako gaixoa izateko oso ondo nengoela esan zidaten. Birikak aztertu zizkidaten, eta oso garbi nituen. Harrituta gelditu ziren medikuak egoera azkar gainditu nuelako. Hori ikusita, oxigenorik gabe nola arnasten nuen begiratu zidaten, eta 97-98 artean eman nuen, ohikoaren barruan. Horrela jarraituz gero etxera bidaliko nindutela esan zidaten, eta beste hiru egun gehiago pasatu nituen ospitalean.

Etxera etorrita, berriz, galdutakoa errekuperatzen hasi behar izan nuen, pixkanaka. Gihar guztiak galdu nituen; guztira, hamar kilo. Oso ahula etorri nintzen ospitaletik. Hamar egunean etxetik ez irteteko esan zidaten, eta etxeko balkoian ordu erdi bat egiten nuen oinez. Orain, kalean paseoak egiten hasi naiz, eta asko hobetu naiz. Giharrak indartu zaizkit, nahiz eta oraindik hauspoa falta dudan. 

Jendeak ez dio gaiari behar bezalako garrantzirik ematen. Ospitalean nengoen egun batean, emazteak bikote batekin egin zuen topo kalean. Nire kasuari erreferentzia eginez, ‘aho asko itxi ditu’ esan omen zioten haiek nire emazteari. Ez dakit jendeak ez duen sinesten edo ez den kontziente, baina nik ez diot inori horrelakorik opa. Positibo ematen dutenek gaitza arin pasatzea nahiko nuke, ni bezalako egoera pasatu gabe".

 

Aitor Diezek (Azkoitia, 1998) ere Olaizolak izan zituen sintomak berdinak izan zituen, baina gaitzari aurre egiteko ez zuen ospitalera joan beharrik izan; sukarra eta buruko mina izan zituen, baina egoera ez zen gehiagora joan beretzat. Diezek, gainera, ez daki nola kutsatu zen, positibo eman zuenean ez baitzuen inguruan positibo eman zuen inor. Honako hau izan da bere azalpena:

Aitor Diez: "Zorteduna sentitzen naiz gaitzak gutxi eragin zidalako"

"Duela hiruzpalau aste inguru hasi nintzen sintomekin. Buruko mina eta sukar pixka bat nituen, baina beste sintomarik ez neukan. Badaezpada Osakidetzara deitu nuen, sukarra nuela eta zer egin behar nuen galdezka, eta esan zidaten PCR proba egiteko. Positibo eman nuen. 

Hori jakitean, pentsatzen jarri nintzen ea nola harrapatu nuen gaitza, baina ez nuen jakin zehazki non eta nola harrapatu nuen. Kuadrillan batzuek eman zuten positibo, baina ni ez nintzen kuadrillako horiekin egon azken egunetan. Ez nekien nork kutsatu ninduen; ez neukan inor inguruan positibo eman zuena eta nire kontaktu zuzena izan zena. 

Sukarrarekin pare bat egun-edo egin nituen, eta buruko minarekin eta ondoezarekin hiruzpalau egun. Baina egun horietan ez nuen beste ezer sentitu. 

PCR probaren emaitza eman zidatenean, aztarnariak deitu zidan, norekin egon nintzen galdetzeko. Esan zidan hamar egun egon beharko nuela logelan sartuta, etxekoekin kontakturik izan gabe. Azaldu zidaten jatekoa etxekoek ekarri beharko zidatela logelara; haiek lurrean uzten zidaten, eta logela barruan jaten nuen. Hamar egun pasatutakoan deituko zidatela berriz esan zidaten, eta sintomarik ez baneukan, probarik egin gabe kalera atera ahal izango nintzela jakinarazi zidaten. Hamar egun pasatzean deitu zidaten, sintomarik ez nuen, eta ordutik aurrera, bizitza normala egiten hasi nintzen. 

Askatasun ederra sentitu nuen kalera ateratzeko baimena eman zidatenean. Gaizki nengoela sentitu nuenean, badaezpada, telebista, ordenagailua, PlayStationa eta gauza pila bat ekarri nituen logelara. Hainbeste egun logelan igaro behar nituela jakinda, entretenitzeko gauzak ekarri nituen. Liburu bat ere hasi nintzen irakurtzen, baina berrogeialdia pasatu zenean, irakurtzeari utzi nion. Zerbaitekin entretenitu egin behar.

Nik positibo eman nuen garai berean, kuadrillako beste batek ere eman zuen, nahiz eta ni berarekin ez nintzen egon. Dena den, kuadrillako hark positibo eman zuelako, gure kuadrillako beste hamar bat lagun ere egon ziren konfinatuta. Ni ez nintzen egon beraiekin, baina denoi etxean aldi berean egotea egokitu zitzaigun, eta horrek pena gutxiago ematen du; behintzat, ez nintzen ni bakarrik egoera horretan zegoena. Eskuko telefonotik hitz egiten genuen edo jolasetan elkarrekin ibiltzen ginen, eta horrela errazago eramaten da berrogeialdia. 

Logelatik atera ere egin gabe egon nintzen egun batzuk. Kontua da, nik ez dakit nola, ama ere kutsatu nuela. Garai horretan, ama eta ni bakarrik geunden etxean, eta biok positibo eman genuenez, etxean lasai ibiltzeko esan ziguten. Biok nahiko arin pasatu genuen gaitza; amak ere buruko mina eta sukarra izan zituen, eta dastamena eta usaimena galdu zituen pixka bat. 

Berriro ere gaitza indartsu hedatzen ari dela ikusita, saihestu egiten dut kalera irtetea. Izan ere, amona bisitatzera joan ohi naiz, eta egoera dagoen bezala, buruari bueltaka egoten naiz kalean ibiltzen banaiz. Horregatik, ahalik eta gutxien sozializatzen ari naiz; futboleko entrenamenduetan eta partidetan egoten naiz taldekideekin, baina bestela, astean zehar, eskolak ditut, eta ez naiz kalera irteten.

Zorteduna sentitzen naiz gaitzak gutxi eragin zidalako, baina kontziente naiz beste batzuek harrapatzen badute gehiago eragingo diela. Kontzientziari dagokionez, denetarik ikusten dut inguruan; batzuk kontzientziatuta ikusten ditut, eta beste batzuk ez. Batzuek esaten dute: ‘Zer egin behar dugu, ez bizi?’. Eta beste batzuek, agian, neurri gehiago hartzen dituzte. Gazte batzuek paso egiten dute, baina zaharrak ere ikusten ditut sudurra maskaratik kanpo dutela... Denetarik dago, bai gazteen artean, bai zaharren artean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide