Asteburuko kirol ekitaldi gehienak, bertan behera edo ikuslerik gabe

Andoni Elduaien 2020ko urr. 24a, 09:25
Juaristi ISBk Azkoitian jokatu zueneko neurketa bat.

Anaitasunako mutilen lehen taldeak nahiz Juaristi ISBko mutilek ikuslerik gabe jokatuko dituzte asteburu honetako partidak. Maila baxuagoetako partida guztiak bertan behera utzi dituzte, prebentzioz. 

Beste aste batez, COVID-19aren hedapenak hankaz gora jarri ditu astebururako prestatutako hitzorduak, eta datozen egunetan egitekoak ziren kirol ekitaldi gehienak bertan behera utzi edo ikuslerik gabe egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurriak tarteko. Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan aplikatu beharreko neurriak zehaztu zituen herenegun Eusko Jaurlaritzak.

Herriko kirol taldeek asteburuan jokatuko dituzten partidak ikuslerik gabe jokatuko dituzte, eta horrek eragina izango du, esaterako, Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen lehen taldean. Durangon jokatuko dute neurketa, eta han ere ikuslerik gabe jokatzeko hautua egin dute. Anaitasunaren harrobiko gainerako taldeek, ordea, ez dute asteburuan neurketarik izango, Gipuzkoako Futbol Federazioak datozen bi jardunaldiak atzeratzea erabaki baitu. Emakumezkoen lehen taldeak Txerloian jokatu behar zuen lagunartekoa ere bertan behera gelditu da. Futbol Eskolako eta kimu zein haur mailako entrenamenduak, gainera, bertan behera utziko ditu datorren astelehenetik aurrera klubak.

Juaristi ISBko mutilek ere ateak itxita jokatuko dute bihar, igandea, Espainiako Zilarrezko LEB Ligako hirugarren jardunaldia. Juaristik Azpeitiko Kiroldegian du hitzordua, eta Alcobendasen aurka neurtuko ditu indarrak, 18:00etan hasita. Azkoitia-Azpeitia ISBko emakumeek, berriz, asteburuan Iruñean Ardoiren aurka jokatu beharreko ligako partida atzeratu egin dute. Izan ere, Azkoitia-Azpeitiako jokalari batek positibo eman zuen PCR proban, eta horren ondorioz atzeratu dute ligako laugarren partida. Ligako lehen lau jardunaldietatik hiru bertan behera utzi behar izan dituzte.

Oteiza pilota elkarteko pilotariek, bestalde, asteburuko partidak egungo egoerara egokitutako segurtasun neurri guztiak hartuta jokatuko dituztela azaldu dute pilota elkarteko ordezkariek.

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide