Ohi baino lehenago isildu dira kaleak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 24a, 08:29

21:00etarako herriko tabernak eta establezimenduak ixteko Eusko Jaurlaritzak emandako aginduaren ondoren, kaleko burrunba ohi baino lehenago isildu zen atzokoan. Hurrengo agindura arte, neurri eta gomendio berriak jarraitu beharko dituzte herritarrek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindutako neurri murriztaileen ondoren, atzo, ostirala, kaleak berriz ere isilik eta hutsik aurki zitezkeen 21:00etatik aurrera. COVID-19aren bigarren agerraldiaren hedapena murriztu asmoz, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibo edo gehiago izan dituzten herriei eragingo diete neurri horiek, semaforo gorria piztua dutenei, hain zuzen, eta horien artean dago Azkoitia.

Horren haritik, herriko tabernen ateak itxita eta pertsianak botata zeuden atzo 21:00etarako. Era berean, merkataritza establezimendu guztiek ere 21:00etarako ixteko agindua zuten, elikagaiak saltzen dituzten saltokiak, gasolindegiak eta farmaziak izan ezik. Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ere hutsik ikus zitezkeen ordu horretarako. Neurri horiek kaleak ohi baino lehenago biluztu ziren, ondorioz.

Azkoitiko herriari eragiten dieten beste neurrien artean daude, besteak beste, establezimendu komertzialetan 21:00etatik 06:00etara alkohola saltzearen debekua eta tabernetan soilik mahaietan eta eserita kontsumitzeko agindua. Horrez gain, kirola ezingo da taldean egin. Abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak semaforo gorrian dauden herrietako herritarrei bertatik ez irteteko eskatu zien, eta gainerakoei haietara ez sartzeko, ez bada lan, hezkuntza, osasun edota zaintza arrazoiren bat. Gainera, etxe berean bizi direnekin elkartzeko gomendioa ere egin zuen Osasun Sailak, eta ezinbestekoak ez diren jarduerak bertan behera uzteko edo atzerako eskatu zuen. Jarduerak, ahal den heinean, aire zabaleak edo ondo aireztatutako guneetan egiteko ere adierazi zuen Jaurlaritzak.

Azkoitiko Udalak ere hainbat neurri hartu zituen atzo, ostirala. Besteak beste, larunbatetako azoken postu kopurua erdira jaitsiko dute, eta ostiraletako eta larunbatetako 22:00etako film emanaldiak bertan behera geldituko dira. Horrez gain, Elkarguneko ikastaroak eta jarduerak ere bertan behera utzi ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide