Munoaundiko herrixka ikusgai, Arkeogipuzkoa aplikazioaren bitartez

Anartz Izagirre 2020ko urr. 23a, 09:00
Munoaundi herri harresituko ilustrazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arkeogipuzkoa izeneko aplikazio bat plazaratu du, eta lurraldeko aztarnategi arkeologikoak bisitatu daitezke bertan; besteak beste, Munoaundi. Aplikazioak Android sistema eragilea duten mugikorretan funtzionatzen du momentuz, baina laster iOS duten gailuetan ere erabili ahal izango da.

Azkoitia eta Azpeitia artean egon zen Munoaundi herri harresituan nola bizi ziren jakitea posible da orain; izan ere, Arkeogipuzkoa deituriko mugikorretarako aplikazioa plazaratu du duela gutxi Gipuzkoako Foru Alundiko Kultura Zuzendaritzak. Tresna horrek Munoaundiko lekurik esanguratsuenak zeintzuk diren erakusten du; besteak beste, harresiak, etxebizitzak eta herri harresituko biztanleen bizimodua. Horrez gain, Herniotik gertu dagoen Mendikuteko Erdi Aroko gotorlekua eta Aralarko Arritzagako meategi zaharrak dira aplikazioren bidez ikus daitezkeen beste aztarnategiak.

Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bitartez plazaratu du Alundiak Arkeogipuzkoa aplikazioa, eta Harkaitz Millan Kultura diputatuaren esanetan, lurraldeko aztarnategiez gehiago jakiteko aukera eskaintzen du: "Aztarnategi arkeologikoak bisitatzeko gida gisa diseinatuta dago; nola iritsi, nola sartu eta kokaguneko leku adierazgarrienak ikusteko ibilbidea markatzen du". Gainera, audio-gida du aplikazioak, eta ikerketa arkeologikoetako lorpenak deskribatzen dira bertan argazkiekin, ilustrazioekin, irudi interaktiboekin eta 3D berreraikuntzekin batera. Aplikazioa euskaraz gain erabilgarri dago gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ere.

Momentuz Android sistema eragilea duten mugikorretarako prestatu dute Arkeogipuzkoa, baina berandu baino lehen iOSerako —Appleren sistema eragilea— ere erabilgarri izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide