Euskaraldia 2020

Udalak eta Euskara Mahaiak Euskaraldian izena ematera dei egin diete herritarrei

Andoni Elduaien 2020ko urr. 22a, 12:05
Euskaraldiaren lehenengo edizioaren aurkezpena egin zuteneko argazkia.

545 azkoitiarrek eman dute izena oraingoz Euskaraldian, baina udalak herritar guztiei egin die dei Euskaraldian izena ematera. Euskaraldiaren aurtengo edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da.

Azkoitiko Udalak eta Euskara Mahaiak herritarrei dei egin diete Euskaraldian parte hartzera. Udalak eta Euskara Mahaiak "indarrak batu" dituzte, egoera berezi honetan "Euskaraldiak presentzia eta protagonismoa" izan ditzan. Dagoeneko 545 azkoitiarrek eman dute izena Azkoitian, haietatik 514k Ahobizi rola hautatu dute eta 31 lagunek, Belarriprest rola. Duela bi urte bezala, Euskaraldian izena emateko hainbat bide jarri dituzte, izan ere, ekimenean parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena emanda egotea eta rola aukeratzea; izen-emate epea azaroaren 19an itxiko da, izan ere aurtengo edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da Gehiago, Gehiagorekin, Gehiagotan lelopean.

Izena eman ondoren bakoitzak txapa bereizgarri bat jaso ahalko du. Udalak jakinarazi duenez, Azkoitian azaroan egingo dute txapa banaketa. Euskaraldian euskara ulertzen duten herritarrek eta 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena. Ariguneetan ariketa egitea erabaki duten herritarrek ere izena eman beharko dute Ahobizi edo Belarriprest bezala. Entitateek eta entitateetako kideek eman behar dute izena.

Nola eta non eman daiteke izena?

Azpimarratzekoa da izena emateko garaian rolen funtzioa kontuan hartzea. Izan ere, herritarrek ariketa egiteko moduaren arabera aukeratu beharko du rola, ez gaitasunaren arabera. Izena bi modutan eman daiteke: online edo eskuorrien bidez. Online egitea erabakitzen dutenek, Euskaraldiaren webgunean dute izena emateko formularioa. Horrez gain, Azkoitian zabaldu dituzten karteletan dagoen QR kodea ere erabili daiteke izena emateko.

Eskuorrien bidez izena ematea erabakitzen dutenek, aldiz, Elkargunean eta udaletxean aurkituko dituzte eskuorriak eta kutxak. Papera bete ondoren, kutxan sartu beharko da. Gogorarazi dute, ezinbestekoa dela izena ematen duten herritarrek lege-oharra onartzea. Bestalde, Euskaraldiaren txapa Azkoitian jaso nahi duenak formularioaren udalerria atalean 'Azkoitia' idatzi beharko du.

Ondorengo partaideek osatzen dute Euskara Mahaia: Azkoitiko Udala, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Azkoitiko AEK, Floreaga Salestar Ikastetxea, Floreagako Guraso Elkartea, Maxixatzen-UKT, Izarraitz Lanbide Heziketa, Xabier Munibe Ikastola eta Udaberri Guraso Elkartea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide