Aizpurutxoko lanek "auzotarren bizi kalitatea hobetuko" dutela adierazi du Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 22a, 10:15
Janire Igoa, PSE-EEko zinegotzia.

Aizpurutxoko lanak auzoarentzat "onuragarriak" izango direla uste du Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak, eta modu horretan, "auzoarekiko zorra kitatuko" dutela uste du.

Gipuzkoako Foru Aldundia Aizpurutxon egiten ari den lanen inguruan balorazio "oso positiboa" egin du Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSE-EEko zinegotziak. Aldundia auzoan egiten ari den lanekin oinezkoentzako bidea "egokitzen" eta auzoaren segurtasuna "hobetzen" ari direla uste du zinegotziak.

Proiektuak guztira 45,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Amaitzear dituzte lehen faseko lanak, eta horiek 350.00 euroko kostua izango dute, lau hilabeteko lan epean gauzatu beharrekoak. Igoa zinegotziarentzat lan horiek "onuragarriak" izango dira Aizpurutxoko auzotarrentzat. "Oinezkoen pasabidea egiteko lanak amaitu ondoren, espaloi batetik bestera pasatzeak ez du ekarriko istripuak izateko arriskua; pasabide berriarekin ahalik eta gehien saihestu edo gutxituko dira", azaldu du Igoak.

Gainera, zinegotziak esan du oinezkoak errepidearen ertzetik joatera behartuta dauden tartea ez dela "batere segurua", eta Urola ibaiaren eskuinaldera eramango duen zubiak "horretan lagundu" egingo duela. Era berean, Igoak azaldu du Aizpurutxoko lanekin bidea "modu orekatuagoan" banatuko dela oinezkoen eta autoen artean, eta, horrela, "bizitzeko eta mugitzeko eremu seguruagoak" sortuko direla guztientzat. "Gure ustez, lanen bidez, hein batean, auzoarekin dugun zorra kitatzen dugu. Izan ere, auzo horrek ingurumen kalitate eskasa izan du, baita oinezkoen segurtasunean ere", adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide