Txikia IV.ak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko du zapatuan Zestoan

Julen Alberdi aizkolaria.

Federazioarekin dituzten desadostasunengatik, lehian parte hartuko duten aizkolariek beren artean antolatu dute txapelketa lehenengoz.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia datorren larunbatean hasiko du Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak. Zestoako (Gipuzkoa) Gurutzeaga pilotalekuan 18:00etan jokatuko dute Euskal Herriko txapelketa nagusiko kanporaketa.

Azkoitiarraz gain, beste bederatzi aizkolarik parte hartuko dute kanporaketan: Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte hamar aizkolariek Zestoan, eta denbora onena egiten duten sei sailkatuko dira azaroaren 29an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den final nagusira.

Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izango da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki dute, bi aldeen artean dauden desadostasunengatik; kirolariek beren apustuari eutsi nahi izan diote, beraz.

Aizkora beste kirol batzuen "maila berera igo" nahi dute, eta garai berrietara egokitzeko "ekintzak garatu, ikusgarritasun handiagoa" lortzeko. "Bada garaia; denbora daramagu arlo honetan hausnartzen eta aurten aizkora munduko kirolariok urrats irmoa emateko erabakia hartu dugu", adierazi du gaur Bilbon egindako aurkezpenean Aitzol Atutxa aizkolariak.

Etorkizunera begira formatu "berritzaileagoak eta erakargarriagoak" lantzen ari dira aizkolariak, garai eta modu berrietara egokitzeko. Esaterako, bide berriak bilatu dituzte ingurune digitalean; webgunea sortu dute eta sare sozialetan kontua sortu. Horri lotuta, gaur egindako aurkezpenean jakitera eman zuten finalerako sarrerak web orrialdean eskuratu ahalko direla laster.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide