Sun magoak magia ikuskizuna eskainiko du larunbatean Baztartxon

Andoni Elduaien 2020ko urr. 22a, 09:20

Magoaren emanaldirako sarrerak larunbatean bertan eskuratu beharko dira 17:00etatik aurrera, Baztartxoko leihatilan.

Datorren zapatuan, urriak 24, Sun magoak magia ikuskizuna eskainiko du Baztartxo antzokian; 18:00etan hasiko da magoaren emanaldia. Ikuskizunerako sarrera lau eurotan erosi ahalko dira Baztartxoko leihatilan, egunean bertan, 17:00etatik aurrera.

Sun Magoak Houdini, telebistaren magia azken ikuskizuna aurkeztuko du Azkoitian. Ilusioetatik barrena egingo du bidaia, eta ez dira faltako ezinezko enigmak, agerraldiak eta desagertze misteriotsuak. Harry Houdini ezaguna dute txikienek Disney Channel kateko Club Houdini seriea tarteko. Houdini, telebistaren magia, emozioz, argiz, soinuz, kolorez eta efektuz osaturiko ikuskizuna da. Iñaki Ruiz de Galarreta da Sun magoaren izena, eta aditua da muturreko ihesetan, ilusioetan eta lebitazioetan. 

Martxoaren 14an zen Sun magoa Baztartxon aritzekoa, baina orduan ezarri zuten konfinamendu aginduagatik, bertan behera gelditu zen ikuskizuna. Larunbatean herritarrek bere trikimailu guztiak ezagutzeko aukera izango dute, hori bai, segurtasun neurriak errespetatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide