Sara Zozayaren eta Ro taldearen kontzertuak izango dira igandean Matadeixen

Andoni Elduaien 2020ko urr. 20a, 10:21
Sara Zozaya (Argazkia: Sara Zozaya)

Igandean 19:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrerak aurrez eskatu beharko dira Matadero Ekintzak taldearen helbide elektronikora idatzita.

Datorren igandean, urriak 25, Sara Zozayaren eta Azkoitiko Ro musika taldearen kontzertuak izango dira Matadeixen. 19:00etan hasiko da emanaldia, baina zuzenean jarraitzeko, sarrera aurrez erosi beharko da mataderoekintzak@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Sara Zozaya Donostian jaio zen, eta akordeoiarekin hasi zen musika munduan. Piazzola jotzetik bere kantak sortzeari ekin zion 12 urterekin, gitarraren eta teklatuaren laguntzaz. Orain, bakarkako bideari ekin dion arren, Nerabe taldeko abeslaria ere bada. Lehen EP laburra 2018ko abenduan atera zuen, eta Mondo Sonoron urteko demo onenen zazpigarren postuan sailkatu zen, III disko labur intimistarekin eta progresiboarekin. Orain dela gutxi, berriz, Hiriko Soinuak txapelketa irabazi zuen, eta Bartzelonako 'Los Aperitivos de Primavera Sound' kontzertuetan ere jo du.

Ro musika taldea, berriz, rock instrumentala eta post-rock estiloak uztartzen dituen taldea da, eta Gorka Alcaldek —gitarra—, Josu Usobiagak —bateria—, Iñigo Gonzalezek —gitarra— eta Mikel Iraetak —sintetizatzailea eta teklatua— eta Iker Amenabarrek —baxua— osatzen dute bostekoa. 2018an Ilhunbean esan-eginak izeneko singlea aurkeztu zuen lehenik taldeak, baina gero Aikor izeneko abestiaren bideoklipa ere argitaratu zuen. Martxoan, bestalde, Athalase disko berria aurkeztu zuen Azkoitiko eta Azpeitiko musika taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide