Urtea amaitu aurretik lizitatuko du aldundiak Azkoitia eta Urretxu arteko lanen bigarren fasea

Andoni Elduaien 2020ko urr. 19a, 16:04
Zubizarreta, Oiarbide, Olano eta Luqui, Aizpurutxon.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Urretxu nahiz Azkoitia udaletako ordezkariek Aizpurutxoko lanak bisitatu dituzte gaur, eta han jakinarazi dute urtea amaitu aurretik erabakiko dutela zein enpresak egingo dituen bigarren faseko lanak. Era berean, lan horiek datorren urteko udan hastea aurreikusi dute.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Javier Zubizarreta zein Jon Luqui Azkoitiko eta Urretxuko alkateek Aizpurutxoko lanak bisitatu dituzte gaur, astelehena. Aizpurutxoko zeharbidean "aurrerapauso esanguratsua" egin dela azaldu du Olano diputatu nagusiak, eta horrekin batera, lanak "azken fasean" sartu direla. Azaroko lehen hamabostaldian lanak amaituta izatea aurreikusten du aldundiak.

Aizpurutxoko lanak "oinezkoak eta ibilgailuak bereizteko" egin dituztela azaldu du ahaldun nagusiak. Bi metro zabaleko espaloia egin dute errepidearen alboan, eta 24 metroko egurrezko pasabidea jarri ibaiaren gainean. Halaber, Erdikobentatik Ibaiondo etxera bitartean errepidea mendi aldera mugitu, eta Kaminero etxeko lursailean 60 metroko espaloia egin dute. Espaloia zolatutakoan, argiak eta eskudelak jarri eta sakan guztiak errematatuko dituztela adierazi dute. Horrez gain, oinezkoentzako pasabidea gaur margotu dute errepidearen gainean, trafikoarentzat gehieneko abiadura orduko 50 kilometrora murriztuz. Lanak amaitutakoan Aizpurutxoko bizilagunen segurtasuna "handitu" egingo dela azaldu du Olano ahaldun nagusiak.  

Zubizarreta, Oiarbide, Olano eta Luqui, jarri berri duten zubian.

Bigarren faseko lanak

Aizpurutxora egindako bisitan Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen berritzeak "martxan" jarraituko duela jakinarazi du Olanok. Izan ere, GI-631 errepidearen erdiko zatia handitzeko obraren lizitazioa, hau da, bigarren fasearena (T2), urtea amaitu baino lehen egingo dutela aurreratu du Olanok. Fase horri dagozkion lanak, berriz, 2021. urteko udan hastea aurreikusten du aldundiak. Azkoitia eta Urretxu arteko proiektu osoak 45,5 milioi euroko aurrekontua du, eta hiru fasetan egingo dituzte lanak. Proiektua amaitutakoan, errepideak bi noranzkoetan hiru zati izango ditu aurreratzeko erreiekin. Orain egingo dutena erdiko zatia da, eta Aizpurutxo eta Urretxu arteko bidean 1,6 kilometro inguruan egingo dute aurreratzeko erreia. 9,3 milioi euroko aurrekontua izango dute lan horiek, eta hamalau hilabete pasatxo iraungo dute aldundiaren arabera. 

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak arrazoitu du lanak "faseka" egingo dituztela, batetik, "arrazoi ekonomikoengatik", eta bestetik, errepidea "irekita" eduki behar delako. "Orain lizitatuko den zatia edo fasea T2 da, Azkoitia-Urretxu ibilbidean eta Aizpurutxoko zeharbidean zentratuta dagoelako. Obra zaila izango da, trafiko handiko bidea baita; 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute egunero errepidea, eta ibilgailu astunak dira %10a baino gehiago", gehitu du diputatuak. Zati horietan "erradioen eta bihurgunean ikusmena handitu" egingo dela azaldu du Oiarbidek. Horrez gain, zortzi bihurgune "hobetuko" dituztela ere esan du Bide Azpiegituretako diputatuak. "Ekintza hauekin ez da abiadura handitu nahi ibilbidean zehar, baizik eta aurreratze segurua ahalbidetzen duten hiru gune egokitu". 

Markel Olanok, bestalde, gaineratu du Urola Garaia eta Urola Erdia eskualdeetarako "ezinbestekoa" den errepidearen trazadura lanak datorren urtean "bete betean" hasiko direla. "Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat bidea berritzea eta hobetzea da", esan du. Bide batez, Aizpurutxoko proiektua Urola bailarako biztanleen "aldarrikapen historikoa" dela adierazi du. "13 kilometro horiek oso garrantzitsuak dira ibilbidea erabiltzen duten milaka gidarientzat, bai Zumarragako erreferentziazko ospitalera joateko, bai Gipuzkoako ahalmen handiko biribilgunera konektatzeko. Lanei esker, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dira", azaldu du.

Gainera, Aizpurutxoko lanetan "mugimendua oso egoera berezian" egingo dutela azaldu du Markel Olanok. "COVID-19ak egoera ekonomiko zaila ekarri du, baina inbertsioan aurrerapauso garrantzitsua egin nahi dugu eta lan hauek aldundiko errepide sailean protagonismo berezia izango dute". Aldundiarentat Azkoitia eta Urretxu arteko proiektua "garrantzitsuena" dela azaldu du ahaldu nagusiak. Era berean, Olanok adierazi du "lurralde orekaren aldeko apustu garbia" egin dutela, eta ondorioz, barnealdeko bi eskualdeek "konexioak" eta "industriaren lehiakortasuna" hobetuko dituztela. "Gure industriarentzat eta egunero mugitzen idren langile guztientzat funtseskoa da errepide-sare erosoa, modernoa eta segurua izatea", azpimarratu du Aizpurutxon egindako agerraldian.

Alkatea "oso pozik"

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea gustura agertu da agerraldian. "Ezin diot eutsi dudan pozari. Oso pozik nago Aizpurutxon egin diren lanak ikusita. Lehentasuna ematen diot, alde batetik, segurtasunari, eta bestetik, horren urrun ikusten zen hobekuntzari hasteari", nabarmendu du Azkoitiko alkateak. Zubizarretak azaldu du "hitzaren jabe" egiten direla, eta errepidea erabiltzen duten herritarrei "pazientzia" eskatu die, "beste alternatibarik" ez dagoelako "bidea irekita" eduki beharra baitago. 

Langileak Aizpurutxon zebra bidea margotzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide