Espainiako Vueltak aldaketak eragingo ditu autobus zerbitzuetan

Andoni Elduaien 2020ko urr. 19a, 11:13

Trafikoan ez ezik, autobus zerbitzuetan ere eragina izango du bihar Azkoititik pasatuko den Espainiako Vueltak.

Bihar, asteartea, txirrindularien Espainiako Vuelta Azkoititik igaroko da. 14:53 eta 15:04 artean espero da txirrindulari proba herrian, eta ondorioz, trafikoan ez ezik, autobus zerbitzuetan ere eragina izango du. Hainbat autobus linea ez dira aterako Vueltaren eraginez, eta beste hainbatetan aldaketak eragin ditu. 

UK01 autobus zerbitzuan, Azkoitia eta Donostia artekoan, aldaketak izango dira. 11:45ean eta 12:15ean herritik abiatzen den autobusak geldialdi bakarra egingo du Donostian; Donostiako geltokian bakarrik geratuko da. Azkoititik 13:45ean abiatzen den autobusa, berriz, ez da Azpeititik eta Zestoatik pasatuko. Donostiatik 13:05ean eta 13:35ean irteten diren autobusek, gainera, geltoki bakarra egingo dute Donostian, geltokian hain zuzen ere. Horrez gain, Azkoititik 14:15ean eta 14:45ean diren zerbitzuak ezeztatu egin ditu Lurraldebusek. 

UK02 autobus linean ere aldaketak eragin ditu Espainiako Vueltak. Azkoititik 14:10ean abiatu ohi den zerbitzua Azpeitiko Landetako geltokitik abiatuko da bihar, 14:25ean. UK03 autobus zerbitzuari dagokion 14:05eko autobusa, berriz, ezeztatu egin du Lurraldebusek. 

UK05 autobusean, Zestoa eta Ermua hartekoan, hainbat aldaketa eragingo ditu Vueltak. Ermutik 13:40ean irteten duen autobusa Azkoitiraino iritsiko da bakarrik, hau da, ez da geldituko Azpeitian. Azpeititik 15:45ean abiatzen den autobusa, berriz, Elgoibarreraino iritsiko da; Eibarren ez du geldialdirik egingo. Eibartik 16:45ean abiatu ohi den autobusa, bestalde, Elgoibartik abiatuko da bihar, 17:03ean.

UK06 autobus linean –Zumaia eta Zumarraga artekoa– ere aldaketak iragarri ditu Lurraldebusek. Zumarragatik 13:10ean abiatzen den autobusa Azpeitiraino iritsiko da Vueltaren eraginez; Zestoan eta Zumaian ez du geldialdirik egingo. Zumarragatik 14:10ean irteten den autobusa, aldiz, ezeztatu egin dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide