Maider Galarzak ipuin kontaketa saioa egingo du larunbatean haurrentzat, liburutegian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 19a, 09:28
Maider Galarza.

Galarza ipuin kontalariaren kontakizuna gehienez hogei haurrek jarraituko ahalko dute zuzenean, aurrez izena emanda.

Urriaren 24an, datorren zapatua, Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatu ohi da, eta horren harira, udalak ipuin kontaketa saioa antolatu du Aizkibel Liburutegian. Maider Galarza ipuin kontalariak 'Beldurrentzako Ipuinak' izenburupean eskainiko du saioa, 11:30ean hasita. 

Saioan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, Aizkibel liburutegira joanda edota 943 85 08 98 telefono zenbakira deituta. HH5, LH1, LH2 eta LH3 adin tarteko haurrei zuzendua dago saioa. Udalak jakinarazi duenez, gehienez hogei haurrek parte hartu ahalko dute ipuin kontaketan, "COVID-19aren eraginez indarrean dauden murrizketak tarteko".

Liburutegiko zerbitzuak

Bestalde, Aizkibel Liburutegian indarrean dauden zerbitzuak zein diren gogorarazi ditu udalak. Maileguak eta itzulketak egin daitezke; Interneta ere erabili daiteke, baina egunean gehienez ordu bat. Gainera, saioa amaitutakoan bakoitzak erabili dituen teklatua, sagua, mahaia eta aulkia garbitu beharko ditu. Aldiz, liburutegian ezingo da fotokopiarik egin ezta ezer inprimatu ere; egunkariak ere ezin dira irakurri. 

Liburutegiko mahai bakoitzean gehienez pertsona batek eseri ahal du. Bukatutakoan, norberak garbitu beharko ditu erabilitako mahaia eta aulkia. Beheko solairuko mahaietan, gainera, egunean ordu bat egon ahalko da gehienez. Ipuinen txokoan, berriz, sarrera banakakoa izango da. Familia berekoak badira, edota liburuak maileguan hartzeko badira, sarrera ez da banakakoa izango. Horrez gain, gogorararazi dute sarreran eta irteeran eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar direla.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide