Bizkargi musika eta dantza eskolako Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzariek bigarren egin dute Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketan

Nerea Uranga 2020ko urr. 18a, 10:25
Ekain Uzkudun eta Laura Bastida dantzariak, atzo, Seguran. (Argazkia: Aitor Sorazuk utzitakoa)

Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketa jokatu zen atzo, larunbata, Segurako Baratze pilotalekuan. Bizkargi dantza eta musika eskolan Aitor Sorazu irakasle duten bi bikotek parte hartu zuten, eta Laura Bastida eta Ekain Uzkudun bigarren gelditu ziren. Eneko Sarasua eta Iker Sarasua dantzari azkoitiarrek ere parte hartu zuten atzoko txapelketan.

Hamahiru bikotek parte hartu zuten atzo, larunbata, Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketan. Segurako (Gipuzkoa), Baratze pilotalekuan jokatu zen, 18:00etan hasita. Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolan, Aitor Sorazu irakasle dutela dantzan aritzen diren Laura Bastida eta Ekain Uzkudun dantzari azpeitiarrek bigarren postua lortu zuten.Txapelketaren irabazleak Oiartzualdeko Katerin Artola eta Iker Belintxon izan ziren, 75 puntu lortuta. Haien atzetik egin zuten Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek, 70, 50 puntu eskuratuta. Sorazurekin aritzen den Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza bikoteak, berriz, hamabigarren egin zuten.

Horiez gainera, bi dantzari azkoitiarrek ere parte hartu zuten atzo Seguran: Eneko Sarasuak eta Iker Sarasuak. Aurrenak, June Elortzarekin bikotea osatuta, seigarren postua lortu zuen eta bigarrenak, Enara Arrizabalaga bikotekide zuela, bederatzigarren postua.

Txapelketan ohi bezala, fandango eta arin-arin bana dantzatu behar izan zituen bikote bakoitzak. Epaimahaia bost adituk osatu zuten, hala nola Gabriel Alonsok, Rafa Salaberriak, Nahikari Bizuetek, Antton Mendizabalek eta Josu Ibarrak.

Sailkapena:

  1. Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo), 75 puntu. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren oroigarria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren oroigarria, Segurako Udalaren 800 euro eta oroigarria, zapia eta txapela, eta Aitor Ruiz de Eginok egindako eskultura. Dantza jantzien saria ere lortu zuten.
  2. Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), 70,50 puntu. 600 euro eta oroigarria.
  3. Maitane Irurtzun eta Gorka Duran (Aduna-Villabona), 67 puntu. 500 euro eta oroigarria.
  4. Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela), 62,50 puntu.
  5. Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia), 60 puntu.
  6. June Elortza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), 59 puntu.
  7. Maitane Beobide eta Mikel Subinas (Azpeitia), 57 puntu.
  8. Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi), 56,50 puntu.
  9. Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), 51 puntu.
  10. Elaia Elortza eta German Aranburu (Azpeitia), 50 puntu.
  11. Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia), 46,50 puntu.
  12. Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia), 44,50 puntu.
  13. Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta (Azpeitia), 39,50 puntu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide