COVID-19aren hamazazpi kasu positibo atzeman zituzten atzo Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko urr. 17a, 13:31

Urola Kostan gora egin dute koronabirus kasuek, eta eskualdeko 50 pertsonak positibo eman zuten atzoko PCR probetan. Azkoitian hauteman dituzte datu gehien, hamazazpi. Guztira, 1.382 kasu positibo atzeman dituzte Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan. Positiboen kopuruak nabarmen egin du gora, bereziki Gipuzkoan, 430 kasu hauteman baitituzte bertan.

Urola Kostan gora egin dute koronabirus kasuek, eta eskualdeko 50 pertsonak positibo eman zuten atzoko PCR probetan. Azkoitian hauteman dituzte datu gehien, hamazazpi. Gainontzeko herrietan, berriz, hauexek izan dira datuak: Azpeitian hamabi, Zumaian hamar, Zestoan sei, Zarautzen lau eta Getarian bat. Gainontzeko herrietan, berriz, ez dute kasu berririk hauteman. Azkoitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 1042,62koa da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Azkoitia eta Azpeitia dira Gipuzkoan 1.000ko tasa igarotzen duten herri bakarrak.

COVID-19 gaitzaren hedapenak ez du etenik Hego Euskal Herrian, eta atzoko datuek positiboen goranzko joera baieztatu dute. Izan ere, Osakidetzak eta Osasunbideak gaur eman dituzten datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.382 kasu positibo atzeman zituzten atzo, herenegun baino 31 kasu gehiago. Kasuen igoerarik nabarmenena Gipuzkoan izan da, 430 kasu berri izan baitira lurralde horretan —herenegun 370 zenbatu zituzten—; dena den, Nafarroak ditu oraindik lau lurraldeetako daturik okerrenak, 541 kasu zenbatu baitituzte bertan. Bizkaian eta Araban, aldiz, kasu gutxiago izan dira, 321 eta 84, hurrenez hurren. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi pertsonak ere positibo eman dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.867 PCR proba egin zituzten atzo, eta 58 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 51 pertsona daude gaur gaurkoz hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 3.358 PCR proba egin zituzten atzo, eta %16,1ekoa da lurralde historiko horretako positibitate tasa.

Azkoitian, semaforoa gorrian

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak koloretako semaforoaren sistema jarri du martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri bakoitzeko egoera sailkatzeko COVID-19aren eraginaren aurrean. Semaforoak kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan azaleratutako koronabirus kasu berrien arabera. Kolorea berdea izango da inzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa denean; horia, 60-299 kasu artekoa denean; laranja 300-499 kasu artekoa denean; eta gorria, 500 kasukoa edo gehiagokoa denean.

Bada, atzoko datuen arabera, Azkoitiak semaforo gorria du. Gainontzean, Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako udalerriak honela daude: Azpeitia, gorriaren eremuan; Zumaia laranjan; eta Orio eta Zarautz, berriz, horian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zortzi udalerri jarri dituzte gorriz: Azkoitiaz gain, Azpeitia, Astigarraga, Beasain, Elgoibar, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga Gipuzkoan, eta Lekeitio eta Durango, berriz, Bizkaian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide