Anaitasunako entrenatzailea

Xabier Artetxe: "Helburua Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea da"

Andoni Elduaien 2020ko urr. 14a, 08:00
Artetxek Ondarroan zelairatu zuen hamaikakoa. (Argazkia: Anaitasuna)

Azaroaren 11n jokatuko du Anaitasunak Errege Kopako atariko neurketa. Oraindik ez dute zozketa egin, baina 'gorrixek' badakite noren aurka jokatu dezaketen. Koparako sailkapena lortu berritan, asteburuan hasiko du Anaitasunak liga.

2020. urteak ahaztekotik gehiago badu ere, Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak historiarako lorpenak lortu ditu aurtengo urtean. Joan den asteburuan Espainiako Hirugarren Mailarako igoera borobildu zuen Ondarroan (Bizkaia), Espainiako Errege Koparako sailkapena lortuta. Ander Arabaolazaren bi golekin, bat eta bi irabazi zuten azkoitiarrek.

Sailkapena eskuetan dutela, azaroaren 11n jokatuko dute gorrixek Errege Kopako atariko neurketa. Oraindik ez dago zehaztuta kanporaketak erabakiko dituen zozketa eguna, baina Espainiako Futbol Federazioak hedabide honi azaldu dionaren arabera, datozen egunetan egingo dute.

Guztira hogei talde daude sailkatuta Errege Koparen atariko fasera. Espainiako Futbol Federazioaren arabera, inguru geografikoaren araberako lau multzo egingo dituzte beren artean zozketak egiteko. Iaz ere modu horretan egin zuen zozketa futbol federazioak, eta horri jarraituz, Anaitasunaren aurkariak izan daitezke, besteak beste, Galiziako C.D. Ribadiuma, Asturiasko Real Titanico, Kantabriako C.D. Revilla, Errioxako Racing Rioja edota Gaztela eta Leongo C.D. Colegios Diocesanos.

Xabier Artetxe Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak ez du "lehentasunik" zozketara begira, aurkaria dena dela ere, "neurketa irabaztera" joan behar dutela uste baitu. "Berezia izan daiteke etxetik kanpo jokatzea eta autobusean bidaia egitea, baina hobe da guk geure zelaian jokatzea. Bidaia egin behar badugu, hobe gertukoa bada, izan ere, partida aste bitartean jokatuko dugu", azaldu du. 

Xabier Artetxe, Anaitasunako entrenatzailea.

Azaroaren 11n garaipena lortuz gero, sari potoloa jasoko du Anaitasunak. Espainiako Lehen Mailako talde bat jasoko luke abenduaren 16an, Txerloian. Artetxe entrenatzaileak dioenez, denboraldi hasieran hainbat helburu finkatu zituzten taldean. "Lehen helburua Hirugarren Mailari eustea da, azken urteetan ez baitu hori lortu klubak. Horrez gain, eta Lehen Mailako talde baten aurka Txerloian Errege Kopako partida jokatzeko aukera dugula kontuan hartuta, kopan sailkatzea izan da gure beste helburua", dio entrenatzaileak. Azpeitiko Lagun Onak taldeari "neurketa ofizial bat irabaztea" da taldearen beste nahietako bat.

Kopako hurrengo partida "ondo" prestatuko dutela adierazi du Artetxek. "Garrantzia handia emango diogu, pauso batera baikaude klubarentzat horren garrantzitsua izan daitekeen neurketatik. Aste bitartean jokatuko dugu, baina dugun taldearekin prest gaude neurketa hori jokatzeko. Helburua Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izatea da, eta hortik aurrera gozatzea". 

Liga hasiera, asteburuan

Kopa datorren hilera arte utzita, Anaitasuna futbol taldeak asteburuan hasiko du Espainiako Hirugarren Maila. Larunbatean, 17:00etan, Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak Sodupe talde bizkaitarra izango du arerio, Txerloia futbol zelaian. Artetxe entrenatzailearen esanetan, Sodupe "maila altuko taldea" da, Hirugarren Mailan "urte onak" egindakoa. "Urte askoan batera jokatutako jokalariak dituzte. Beren helburua mantentzea baino zerbait gehiago delakoan nago. Partida oso gogorra izango da guretzat, goian ibiliko den taldea izango baita", azaldu du. Era berean, Artetxek uste du, ligak duen maila ikusteko taldearentzat "ona" izango dela Sodupe bezalako talde baten aurka hastea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide