Bihar gauean lau orduz itxiko dute Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidea, Aizpurutxoko lanengatik

Andoni Elduaien 2020ko urr. 13a, 12:08
Bihar jarriko dute egurrezko pasabidea. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aizpurutxo parean trafikoa eten egingo dute bihar, asteazkena, 22:30ean, Urola ibaiaren gainean oinezkoentzako pasabidea jarriko dutelako.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, bihar, urriak 14, Azkoitia eta Zumarraga lotzen dituen GI-631 errepideko zirkulazioa eten egingo dute, Aizpurutxo parean. Errepidea 22:30ean itxiko dute 25,800 kilometro puntuan, eta lau orduz egongo da itxita "gutxi gorabehera".

Aldundiak abuztuan hasi zituen lanak Aizpurutxon. Bihar, Urola ibaiaren gainean oinezkoentzako pasabidea jartzeko lanak hasiko dituzte; Aizpurutxoko zeharbidean errepidearekiko paraleloa den oinezkoentzako lotuneari amaiera emango diote horrela. 24 metroko luzera duen egurrezko pasabidea kokatuko dute. Aldundiak azaldu duenez, pasabidea muntatuta iritsiko da eta galtzada osoa hartuko duen garabi batekin jarriko dute. Proiektua amaitzeko bide-segurtasunerako hirugarren erreiak eraiki nahi ditu Aldundiak, eta horrekin batera hobetu nahi ditu zenbait bihurgune hobetzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide